EH Bildu: «Arazo nazionala mahai gainean dago»

Otegik nabarmendu du proiektu independentista ezkerretik hazten ari dela, eta unionista, berriz, eskuin muturretik.

Arnaldo Otegi, Kataluniako hauteskundeen balorazioa egiten.
jon olano
2021eko otsailaren 15a
12:24
Entzun

Kataluniako hauteskundeei buruzko analisia egin du eguerdian EH Bilduko Mahai Politikoak, eta horren berri eman du ondoren Arnaldo Otegi koordinatzaileak. Aldagai bat nabarmendu du: independentismoak irabazi egin dituela bozak, eta, oraingoan, «%50eko langa» gainditu duela: «Inoiz izan den parlamenturik independentistena izango da. Argi dagoena da independentismoak garaipen historiko bat lortu duela». Horiek horrela, indar independentista guztiak zoriondu ditu.

«Arazo nazionala hor dago, berriro ere mahai gainean. Egon daitezke auzitegiak, kartzelak, diktadurak; baina berriro ere eta etengabe, arazo nazionala mahai gainean dago. Horrek esan nahi du badagoela gehiengo bat libre eta demokratikoki erabaki nahi duena bere etorkizuna, eta hori hauteskundez hauteskunde kontsolidatzen da», laburbildu du Otegik.

Bide horretan, mezu bat bidali dio Espainiako Estatuari, esanez baduela «zer pentsatu», auzi nazionala «mahai gainean indarrez» jarri delako: «Independentismoak kolpe bat eman du mahai gainean. Autoritate batzuk pentsatzera eraman beharko lukete: irtenbide ezean eta errepresioan tematzea, edo, behingoagatik, errespetatzea Espainiako Estatuan gauden nazioei gure nortasun nazionala eta erabakitzeko eskubidea».

Era berean, nabarmendu du independentismoa «ezkerretik» indartu dela, eta bereziki zoriondu ditu ERC eta CUP. Gainera, beste analisi bat ere egin du: En Comu Podem-ek eskuratutako zortzi diputatuak kontuan hartuta, «boto autodeterministak %60 inguru» direla botoetan eta ordezkari kopuruan. «Proiektu independentista ezkerretik handitzen da, eta unionista, eskuin muturretik», laburbildu du Otegik: «Egia da PSCk irabazi duela, baina ez du inolako aukerarik gobernatzeko. Unionismoak eskuin muturrera egin du, eta hori kezkatzekoa da».

EH Bilduko koordinatzailearen hitzetan, subiranismoaren goraldia ez da soilik Espainian gertatzen ari: «Ezkerreko subiranistak toki guztietan gora goaz; gero eta jende gehiago ari zaio ezker independentistari babesa ematen: Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian, baina baita Eskozian eta Irlandan ere». Beraz, Otegik uste du Llotja de Marreko akordioa «oso indartuta» atera dela hauteskundeetatik, eta, beraz, baita «ERC-EH Bildu akordio estrategikoa ere».

Urkullu, «gobernabidearen» alde

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria ere mintzatu da Kataluniako hauteskundeez; esan du espero duela «gobernabidea eta egonkortasuna egotea, Kataluniako herriaren mesedetan».

Bart gauean, berriz, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak nabarmendu zuen Kataluniaren gehiengoak alderdi subiranistak babestu dituela, eta horiek «gehiengo argia» eskuratu dutela parlamentuan: «Gizarte katalanak bere etorkizuna askatasunean erabaki nahi du; hala adierazi du bere botekin. Horretarako elkarrizketa eta soilik elkarrizketa da beharrezkoa».

Ortuzarrek Illa eta PSC zoriondu zituen; haren ustez, bart gaueko emaitzak «gizarte anitz baten isla» dira, eta uste du gaurtik aurrera egin beharrekoa dela «mahaian esertzea eta Kataluniaren aitortza nazionalerako irtenbide demokratiko bat bilatzea, Euskadiren kasuan bezala. Bide horretan beti topatuko dute EAJ».

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak Illa zoriondu zuen, eta nabarmendu «elkarbizitzaren, irtenbideen eta blokeo politikoaren amaieraren aldeko apustuak irabazi» duela hauteskundeetan. Ramon Alzorriz PSNko bozeramailearen arabera, «blokeez hitz egiteari utzi beharra zaio, eta mahai gainean jarri behar dira jendearen bizimodua hobetuko duten politikak».

Miren Etxebeste Ahal Dugu-ko kideak, berriz, espero du «elkarrizketarako joera duten alderdiak elkartuko direla, akordioak egiteko».

Ezkorrago agertu da Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako bozeramailea: «Albiste txarra da independentismoak gehiengoa izatea Katalunian». Gainera, kexu azaldu da «[Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria] Txibiteren bazkide guztiak oso pozik» daudelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.