Telekomunikazioak

Bertsotan eskatu dute Bedaion telefonoaren arazoa konpontzeko

Bedaio Tolosako auzo bat da, baina enklabe moduko bat da, ez baitu mugarik harekin. Herritarrak askotan kexatu dira baztertuta egoteaz. Azken bi asteotan telefonorik gabe egon direla salatu dute.

Bedaio eta Azkarate (Nafarroa) herrien arteko azken urteetako harreman faltaz ohartarazteko, Azken Muga jaialdia egin zuten, 2016. urtean, Zarateko lepoan. ANDONI OTAEGI
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 15a
20:09
Entzun

Bedaio Aralarren magalean dago, eta, txikia izanik, inguruko herri handiagoen menpe egon da historian. Gaur, Tolosako auzoa da, nahiz eta herri horrekin mugarik ez eduki eta hango hirigunetik 17 kilometrora egon errepidez. Hango biztanleek askotan salatu dute egoera horrek eragiten dien bazterketa. Borroka egin behar izan dute azpiegiturak egin edo konpon zitzaten. 1970. urtera arte, ez zegoen harainoko errepiderik, Bedaio.com webgunearen arabera. Oraingoan, telefonoarekin dute arazoa. Salatu dutenez, bi aste badira komunikaziorik ez dutela, azpiegitura abandonaturik dagoelakoan. Egoera salatzeko, eta konponbidea eskatzeko, bertsoak erabiltzea erabaki dute.

Bedaioko bazterrak
ondo baztertuak,
mundu guztiak dauzka
nonbait ahaztuak
hemengoen beharrak
ez daude aztertuak:
telefonoik ez degu,
atera kontuak!

Egin kontu, egin kontu
Telefonorik ez daukagu!
Egin kontu, egin kontu,
Telefonorik ez daukagu!

Movistarrek ez dauka
hemen errentarik,
aspaldian ez baitu
egin inbertsiorik,
poste eta hariak
guztiak zintzilik:
azken bi asteotan
ezin egin deirik!
Egin kontu, egin kontu...

Adinean aurrera
etortzen direnei
teleasistentzia
jartzen zaie denei
SOS botoia sakatuz
egindako deiei
nork erantzungo die
ezpadue egiten dei!
Egin kontu, egin kontu...

Eta mugikorrekin
a ze komeria
adinekoentzako
traste zailegia
koberturatik ere
bada eskasia,
nork konponduko digu
gure aberia!?
Egin kontu, egin kontu...

Euskal Herriko leku batzuetan 5G telefonia zabaltzen dabiltzan bitartean, badira XX. mendean geratu diren hainbat txoko, komunikazioari dagokionez. Orain Bedaiokoa da albiste, baina halakoak, batez ere, Araban eta Nafarroan daude.

Besteak beste, Zanbranako, Kanpezuko (Araba), eta Ollarango (Nafarroa) adibideak azaldu zituen BERRIAk erreportaje honetan: Euskal Herriko zulo beltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.