Birusarekin eri ziren 123 lagun hil dira astebetean Hego Euskal Herrian

Iragan den astean baino 24 pertsona gutxiago zendu dira COVID-19ak jota Hegoaldean. 102 hildako izan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, 21. Beste 559 kasu positibo atzeman dituzte astearteko probetan.

Nafarroako Unibertsitatea ospitaleko ZIU gela bat, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 17a
13:40
Entzun

COVID-19arekin Hegoaldean izandako heriotzei buruzko informazioa gaurkotu dute Osakidetzak eta Osasunbideak. Hegoaldeko osasun agintariek joan den astean argitaratutako datuen aldean, nabarmen hobea da gaur emandakoa. Eman duten informazioaren arabera, otsailaren 8tik 14ra 123 lagun hil dira birusarekin Hego Euskal Herrian. Zehazki, 21 pertsona Nafarroan zendu dira, eta 102 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Osakidetzaren datuen arabera, gaitza 71 kasutan izan heriotzaren kausa nagusia hiru lurralde horietan. Otsailaren 1etik 7ra, berriz, 99 lagun hil zituen birusak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hau da, azken astean baino 28 gehiago.

Kutsatzeen gaineko datuak ere eguneratu dituzte Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Horien arabera, Osasunbideak eta Osakidetzak beste 559 COVID-19 kasu atzeman dituzte astearteko testetan. 13.463 proba egin ziren atzo, eta horien %4,2k eman dute positibo. Nafarroan nabarmen apalagoa da positiboen ehunekoa: %2,3. Hain zuzen ere, bigarren olatuaren hasieratik erregistratu den portzentajerik baxuena da atzoko proben gainekoa. Gainera, adierazle horrek ez du inoiz gainditu %5eko langa azken zazpi egunetan foru erkidegoan.

Lurraldez lurralde, azkenaldiko joerari eutsita, Bizkaian atzeman dute koronabirus kasu gehien: 327. Gipuzkoan 109 zenbatu dituzte; Nafarroan, 60; eta Araban, berriz, 56 positibo detektatu dituzte astearteko probetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.