Migrazioa

102 pertsona erreskatatu ditu ‘Aita Mari’ ontziak

Lehen erreskatea egin eta gero, beste ontzi bat atzeman dute, 46 lagunekin, baina Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak jakinarazi du ezin dituela migratzaile horiek hartu.

'Aita Mari' ontzia, artxiboko argazki batean. FRANCESCO RUTA / EFE
2021eko otsailaren 19a
10:08
Entzun

Mediterraneoko erreskate eremura iritsi eta ordu gutxira, lehen erreskatea egin du Aita Mari ontziak. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak jakinarazi duenez, gaur goizaldean noraezean zebilen egurrezko ontzi bat aurkitu dute, eta bertan zeuden 102 pertsonak erreskatatu dituzte; tartean dago, gutxienez, jaioberri bat. Ordu gutxira, ordea, beste ontzi bat atzeman dute, 46 lagunekin; GKEak adierazi du ezin dituztela migratzaile horiek ontziratu, Aita Mari-ren «egonkortasuna arriskuan jarriko» lukelako, beraz, salba jantziak eman dizkiete, eta haientzako irtenbide bat eskatu dute.

Hain justu, lehenik erreskatatutako 102 pertsonak lehorreratzeko portu seguru baten zain dago Euskal Herriko erreskate ontzia. Itsas Salbamendu Humanitarioaren arabera, haien kokalekuari begira, Maltara joan beharko lirateke, «baina irlan beti uko egin diote lehorreratzeak baimentzeari».

120 pertsonentzako tokia dauka Aita Mari-k, eta ondorioz, ezin ditu bigarren ontziko migratzaileak bertan sartu. Erreskate ontziak laguntza eskatu die Italiako eta Maltako kostalde zaindariei, eta abisua igorri die inguruan dabiltzan merkataritza itsasontziei. «Europako Batasuneko ontziak (Frontex) inguru honetan egon daitezen eskatzen dugu: itsas salbamendua ez litzateke GKEen esku egon behar», aldarrikatu dute.

Joan den ostiralean itsasoratu zen Aita Mari ontzia: Almeriako portutik (Espainia) Libiako kostalderantz abiatu zen. Izan ere, azken asteetan ontzi asko itsasoratu dira Afrikako inguru horretatik. GKEak gogora ekarri du atzo eta herenegun ia 400 pertsonak zeharkatu zituztela Tunisia eta Lampedusa edo Pantelleria (Italia) arteko urak, eta aste hasieran bi ontzi hondoratu zirela Tunisian eta Libian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.