EUSKAL PRESOAK

Bi preso hurbilduko dituzte, bat Euskal Herriratu, eta bertze bat mugitu

Mikel Otegi Unanue Euskal Herriratuko dute: Valdemorotik Iruñera ekarriko dute. Fernando Garcia Jodra Huelvatik Leonera hurbilduko dute, eta Gurutz Agirresarobe Pagola, Sevillatik Logroñora. Francisco Jose Ramada Estevez, berriz, Iruñetik Martutenera mugituko dute.

Presoen alde joan den urtarrilean egindako protesta, Donostian. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 19a
15:12
Entzun

Ortziralero gisan, hurbilketa eta Euskal Herriratzeen berri eman dute Espainiako Espetxe Erakundeek, baina kopuruan aitzineko asteetakoak baino gutiago dira gaurkoak: bi euskal preso hurbilduko dituzte Euskal Herri inguruetako kartzeletara, bat Euskal Herriratu eginen dute, eta bertze bat, berriz, Euskal Herriko bertze kartzela batera mugituko dute.

Mikel Otegi Unanue ekarriko dute Euskal Herrira: Valdemoroko espetxean zegoen (480 kilometro), eta Iruñera ekarriko dute. Hura lekualdatuta, ez da euskal presorik geldituko Madril inguruko espetxe horretan. Hurbilduko dituztenak Fernando Garcia Jodra eta Gurutz Agirresarobe Pagola euskal presoak dira: Huelvatik (Andaluzia, 1.000 kilometro) Leonera (370 kilometro) mugituko dute lehena, eta Sevillatik (990 kilometro) Logroñora (170 kilometro) bigarrena. Francisco Jose Ramada Estevez, berriz, Euskal Herriko kartzela batetik bertze batera aldatuko dute: Iruñean zegoen, eta Martutenera eramanen dute (Donostia).

Fernando Garcia Jodra 2001etik dago espetxean. Gurutz Agirresarobe, berriz, 2010etik, eta 30 urteko zigorra du. Mikel Otegi Unanue 2003an atxilotu zuten, Nafarroa Beherean. Frantziako kartzeletan egon ondoren, 2009an Espainiaratu zuten, eta 25 urteko espetxe zigorra du. 2027ko martxoan beteko lituzke zigorraren hiru laurdenak.p>

Hurbilketak, mantso

Pandemiaren ondorioz pilatzen ari dira iragarri bai baina hurbildu gabeko euskal presoak: dagoeneko 40 dira, eta azken astean, adibidez, ez dute euskal presorik hurbildu edo Euskal Herriratu. Badira, erraterako, joan den abenduaren 4an iragarritako eta oraindik gauzatu gabeko Euskal Herriratze eta hurbiltzeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.