'ZALDIBAR AUZIA'

Fiskaltzak ez du ez herri akusaziorik, ez akusazio partikularrik nahi ingurumenaren aurkako delituaren auzian

Durangoko epaitegia. LUIS TEJIDO / EFE
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 22a
14:07
Entzun

Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) ingurumenaren aurka deliturik egin ote den ikertzeko kausan hainbat entitate herri akusazio gisa onartu zituen Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak, urtarrilaren amaieran. Baina, BERRIAk jakin ahal izan duenez, fiskaltzak ez du ez herri akusaziorik, ez akusazio partikularrik nahi auzian, eta horren aurkako helegitea jarri du. Verter Recycling 2002 SM zabortegiaren jabeak ere prozedura judizialetik kanpo nahi ditu entitate guztiak, Joaquin Beltran luiziaren ondorioz oraindik desagertuta dagoen langilearen senideak izan ezik. Horiek dira akusazio partikularra.

Hain zuzen, GuraSOS; Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna; Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia), Eibarko eta Elgetako (Gipuzkoa) udalak; Interbiak Bizkaia SA sozietatea eta ;Allianz Seguros ;dira herri akusazioak, eta, BERRIAri adierazi diotenez, fiskaltzak eta zabortegiaren jabeak hartutako erabakiaren kontra daude.

Zaldibar Argituk eta Eskubide Sozialen Gutunak joan den astean jakinarazi zutenez, dirua bilduko dute prozedura judizialaren gastuei aurre egiteko. Herritarrengana joko dute laguntza ekonomiko eske, aurrean duten «lan eskergarako» baliabideak lortu nahian. Talde juridikoa eratu dute jadanik, eta lanean hasi da «erantzukizunak» argitu eta «egia eta justizia» erdiesteko.

Bestalde, Sofia Sanchez Ortega instrukzioaren epaileari laguntzaile bat jarri diote. Iturri juridikoek orain aste batzuk BERRIAri esan ziotenez, epaileak aspalditik egina zuen baliabide gehiago edukitzeko eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.