EPAITEGIAK

Josu Urrutikoetxearen epaiketa bat irailaren 13-14ra gibelatu dute

2005-2006ko prozesuagatik ziren gaur-biharretan epaitzekoak, Parisen.

Josu Urrutikoetxea. EñAUT CASTAGNET
2021eko otsailaren 22a
14:18
Entzun

Parisko Dei Auzitegia gaur-biharretan zen Josu Urrutikoetxea epaitzekoa 2005-2006ko bake elkarrizketekin lotuta, baina irailaren 13-14ra gibelatu dute epaiketa. Ez da lehen aldia, hasiera batean iazko urrian zirelako Urrutikoetxea epaitzekoak, baina otsailera atzeratu zuten, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar zezakeelakoan.

2010ean sasian zela egin zioten epaiketa bategatik epaituko dute Urrutikoetxea, etakidetzat jo, eta, ofizialki 2006an hasi ziren elkarrizketak prestatzeko, 2002 eta 2005 bitartean ETArekin harremanak izatea leporatuta. Urrutikoetxeak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen, 2019an atzemana izan ondoren.

Parisek beste epaiketa bat ere egingo dio: 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatearen akusaziogatik. Aurten dira egitekoak.

Madrilen eskariz, beste lau auzibide ditu zabalik Urrutikoetxeak. Joan den astean, Herriko tabernen eta Luis Herguetaren aferetan auzipetuko dutela jakinarazi zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. Iazko azaroan berretsi zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak Urrutikoetxearen Espainiaratzea herriko tabernen auziagatik. Herguetaren kasuan, haren kontrako estradizio eskaera ontzat jo zuen Dei Auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.