Daft Punk taldea banatu egin da

Bikote paristarrak 'Epilogue' izeneko zortzi minutuko bideo batekin iragarri du albistea. 28 urteko ibilbidea egin dute.

'Epilogue' izeneko bideoaren fotograma bat. Horren bitartez zabaldu dute erabakia. BERRIA
Ane Eslava.
2021eko otsailaren 22a
18:10
Entzun

Dance eta pop abesti arrakasatsu andana sortutako bikoteak amaiera eman dio ibilbideari. Epilogue izeneko zortzi minutuko bideo batean zabaldu dute albistea, 2006ko Daft Punk's Electroma filmetik ateratakoa. Kathryn Frazier taldearen publizistak Pitchfork agerkariari baieztatu dio erabakia, baina ez du arrazoirik eman, eta ez du zehaztu musikariek jarraituko ote duten bakoitzak bere aldetik konposatzen, edo ibilbidea burututzat eman duten.

[youtube]https://youtu.be/DuDX6wNfjqc[/youtube]

Thomas Bangalter eta Guy-Manuel de Homem-Christo musikariek 1993an sortu zuten taldea, Parisen. Urte hartan, musika elektronikoko festa batean, Soma Quality Recordings diskoetxeko Stuart Macmillan ezagutu zuten, eta maketa bat eman zioten; 1994an, The New Wave izenburuarekin publikatu zuten, eta hori izan zen haien estreinako singlea. 1995eko maiatzean estudiora itzuli ziren, Da Funk kantua grabatzera, gerora lehen diskoan sartuko zutena, eta abestiak arrakasta handia izan zuen. Hiru urte geroago kaleratu zuten diskoa, Homework, dance musikaren «maisulantzat» hartua izan zena. Disko horretan zegoen Aroun The World arrakastatsua ere.

2001ean, Discovery diskoa eman zuten, One More Time edo Harder, Better, Faster, Stronger eta halako kantu arrakastatsuekin, eta robotez mozorroturik aurkeztu zuten; gerora, eszenaratze hori haien bereizgarri bihurtu zen. 2005ean, Human After All argitaratu zuten, baina ez zuten arrakasta handirik izan. Ordea, hurrengo diskoa –eta azkenekoa–, Random Access Memories (2013), oso txalotua izan zen. Lan hartan, Nile Rodgers eta Pharrell Williamsekin kolaboratu zuten, eta hainbat Grammy sari irabazi zituzten.

Harrezkero, ez dute diskorik argitaratu, baina lan eta kolaborazio nabarmenak egin dituzte. Esaterako, 2010ean Tron: legacy filmaren soinu banda grabatu zuten, eta 2013an Kanye Westen Yeezus estudioko seigarren albumaren ekoizpenean parte hartu zuten. 2015ean, Pharrell Williamsen abesti batean kolaboratu zuten, eta 2016an, The Weekenden bi abestitan.

Taldeak pop kulturan utzi duen arrastoa haren abestietatik harago doa; haren nortasunak, estetikak eta estiloak eragin nabarmena izan du beste artista askorengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.