BIZIKIDETZA

Bizikidetza demokratikoari buruzko hitzaldi ziklo bat antolatu du Foro Sozialak

Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon eginen dituzte solasaldiak, martxoko lehen lau astearteetan, bizikidetza hainbat arlorekin lotuta: hala nola komunikabideekin, Elizarekin, kulturarekin eta gizarte mugimenduekin.

Eneko Calle eta Mikel Casado, gaur, Bilbon. FORO SOZIALA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 24a
14:16
Entzun

Joan den urrian abiatu zuen Foro Sozial Iraunkorrak Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzarekiko konpromiso soziala dinamika, eta, bide horretan «gizarte zibila» aktibatzeko asmoz, Bizikidetza landuz hitzaldi zikloa antolatu dute martxoan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: martxoaren 2an Donostian, 9an Iruñean, 16an Gasteizen eta 23an Bilbon eginen dituzte solasaldiak, aldiro bizikidetza gizarteko bertze gai batekin lotuta.

Donostiakoan, komunikabideak eta bizikidetza uztartuko dituzte, eta Danilo Albin, Gorka Landaburu eta Iñaki Soto kazetariek parte hartuko dute. Iruñekoan Eliza eta bizikidetza lotuko dituzte, Mikel Garciandia, Nafarroako gotzaindegia eta Juana Indurain gonbidatuta. Gasteizen, kultur esparrutik landuko dute bizikidetza, Jon Maia bertsolaria eta Ander Zurimendi kazetaria lagun. Eta, azkenik, Bilbon gizarte mugimenduak eta bizikidetza izanen dituzte hizpide, Yolanda Jubeto eta Irantzu Varela mugimendu feministako kideak hizlari direla. 18:30ean hasiko dira Donostiako, Gasteizko eta Bilboko solasaldiak, eta ordu erdi geroago Iruñekoa, 19:00etan. Osasun neurriak direla eta, hitzaldietan parte hartzeko beharrezkoa izanen da aitzinetik izena ematea. Streaming bidez ere emanen dituzte.

Eneko Callek eta Mikel Casadok eman dituzte hitzaldi zikloaren xehetasunak, gaur, Bilbon, eta gogoratu dute bizikidetzaren eraikuntzaren prozesuaren «erraztaile eta dinamizatzaile» papera hartu duela Foro Sozialak. Herritar guziei irekitako «postontzi» bat sortzea sustatu dute, haien hitzetan, herritarrek gogoeta prozesuan parte har dezaten. Gogoratu dutenez, BERRIAn, Gara-n eta Noticias eta Vocento taldean ere «gizartean erreferente diren pertsonen» iritzi artikuluak argitaratzen ari dira, eta eragile sozialekin «harreman erronda aberatsa» egiten ari direla jakinarazi dute.

Hitzaldi zikloak horri guziari eginen dio ekarpena, «bizikidetza modu integralean ulertuta bakea eraikitzea helburu duten gizarte zibileko hainbat sektoreren eztabaidak eta proposamenak» jasotzeko bidean. Oroitarazi dutenez, bestalde, heldu den maiatzaren 16an, Bakezko Bizikidetzaren Nazioarteko Egunean dinamikan zehar jasotako ondorio eta ekarpen nagusiak aurkeztuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.