Tubacexek 25 milioi galdu zituen 2020an, «batez ere euskal lantegietan»

Zuzendaritzak dio galerak Laudioko eta Amurrioko plantetan pilatu direla, baina ez du gehiago zehaztu. 150 langile kaleratzeko espedientea negoziatzen ari dira egunotan. Tapia sailburuak salatu du gardentasun falta dagoela negoziazioetan. Tubos Reunidosek 101,3 milioi galdu zituen, eta erreskatea eskatu du

Tubacexek Laudion duen lantegia. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko otsailaren 26a
11:23
Entzun

Kolpe latza jaso zuen iaz Euskal Herriko altzairugintzak eta, bereziki, tutugileen sektoreak. Zenbaki gorrietan daude bi enpresa nagusiak: Tubacex eta Tubos Reunidos. Bereziki larria da bigarrengoaren egoera, eta bere etorkizuna zalantzazkoa da. Bosgarren urtez jarraian galerekin amaitu du: 101,3 milioiko zuloa iaz, 2019an izandakoaren bikoitza. Eta erreskate publikoa eskatua du. Tubacexek, berriz, 25,3 milioi euro galdu ditu, aurreko urtean izan zituen 11 milioi irabazien aldean.

Europako altzairuaren sektoreak duen krisiaren adibide dira Araban egoitza duten bi multinazionalak. Haien produkzioa gas eta petrolio instalazioetara dago bideratuta. Azken urteotan erregaien prezioak apaldu izanaren ondorioak nabaritzen ari dira: putzu gutxiago zulatzen ari dira, eta hodi gutxiago behar dira. Asiako eta bereziki Txinako ekoizleen konpententzia ere handia da, eta horri batu behar zaizkio AEBek, sektorearen bezero nagusiak, Donald Trumpen agintaldian Europako altzairuari jarritako muga zergak.

COVID-19ak are gehiago okertu du haien egoera, esportazioak etenda egon baitira denbora luzez, eta produkzioren %80tik gora iberiar penintsularik kanpo saltzen dute haiek. Biek azpimarratu dute beren negozioak dibertsifikatzeko estrategiak abiatu dituztela, bai bezeroen aldetik, bai produkzioarenetik, energia berriztagarrien eta garraioaren sektoreetara zabaltzeko.  

Tubacexen kasuan, salmentak %21,8 gutxitu zitzaizkion iaz. Jesus Esmoris kontseilari delegatuak azpimarratu duenez, «neurri handi batean» taldeak Euskal Herrian dituzten lantegietan pilatu dituzte galera handienak, baina ez du gehiago zehaztu. Tubacexek Espainian, Austrian, Italian, AEBetan, Indian eta Thailandian ditu plantak. 

Esmorisek ez ditu alferrik esan hitzok. Ezaguna denez, Tubacexek erabaki gogorrak hartu ditu. Horien artean dago lantaldea %20 inguru murrizteko erabakia. Horrekin enpresak urtero 30 milioi euro aurreztea aurreikusten du. Euskal Herrian 150 langileri eragingo lieke neurriak —guztira 600 pertsonak egiten dute lan Laudio eta Amurrioko plantetan—, eta egunotan negoziazio betean daude enpresa eta langileen ordezkariak. Martxoaren 10ean bukatzen da epea, eta langileak greba mugagabean daude. 

Aurreikuspen beltzak

Tubos Reunidosen kasuan, haren salmentak %15 apaldu dira. Azkan bost urteetako galerekin batera, 350 milioi euroko zorrari buelta ezin emanda dabil aspalditik. Horiek hala, COVID-19ak kalte egindako enpresa estrategikoak laguntzeko funtsera jo du, Espainiako Gobernuak sortutakora. 115 milioiko laguntza bat bere gain hartzeko eskatu dio, baina ez du erraza izango lortzea, funtsezkoa den baldintza ez duelako betetzen: 2019aren amaieran euren egoera ekonomikoa ona zela frogatzen duten enpresak baino ez dituela erreskatatuko ohartarazi du gobernuak, eta ez da bere kasua. Tutugileak, baina, uste du betetzen duela eskaera nagusia: trantsizio energetikoko proiektu industrialetarako (berriztagarriak eta hidrogenoa, esaterako) «funtsezko enpresa bat» dela argudiatu du eta horri egokitzeko eraldaketa prozesu bat abiatu duela azaldu du . 

Horrez gain, urriaren amaieran, 2022-2024 aldirako plan estrategikoan doikuntzak eta kostuen murrizketa jasotzen ditu. Momentuz ez du kaleratzerik aurreikusten. Sindikatuek enpresaren bideragarritasuna bermatzeko eskatu dute, eta oraingo lanpostu guztiei eusteko, gutxienez 2024. urtea amaitu arte.  

Baina aurrekariak eta aurreikuspenak ez dira onak. 2009. urtean hasi ziren enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteekin, eta 2018tik bata bestearen atzetik lotzen ari dira. Azkena, azaroan. Espedienteak Trapagarango (Bizkaia) lantegiko ia langile guztiei eragiten die, Productos Tubulares filialeko 382 behargini. Amurrion zortzi hilabete iraun duen erregulazio bat amaitu zuten urtarrilean: langileen %80ri eragin zien (692). Eta hori berritzeko prozedura martxan da. Horrez gain, 2017. urtetik behargin guztiek izoztuta dauzkate soldatak. 2018an kaleratzeak egon ziren planta horretan eta altzairutegia ixteko zorian egon zen. 

LAB eta ESK sindikatuek ohar bateratu bat kaleratu dute Tubos Reunidosen  inguruan. «Finantzaketa publikoa» badago, «kontraprestazio» bat izateko eskatu dute. Sindikatuek ohartarazi dutenez, «pandemia erabiliz desindustrializazio prozesu bat gertatzen ari da», eta enpresa handiak egoera «aprobetxatzen» ari dira lan baldintzak okertzeko eta lantaldeak murrizteko, finantzaketa publikoa eskatzeko, eta, azken batean «dibidenduak handitzeko». Salatu dute politika hori aplikatzen ari direla beste enpresa batzuk ere: Gestamp, ITP, Alestis, Aernnova eta Tubacex, besteak beste.

Negoziazio «zibilizatuak»

Bestelakoa da Tubacexen egoera. Urtea galerekin amaitu duen arren, ziurtatu du horri aurre egiteko likidezia duela: 240 milioi euro. Jakinarazi du, halaber, bere finantza egoeraren berregituraketa bat negoziatu duela bakuekin, zorraren epemugak zabalduz, 2024ra arte.

Hala ere, enplegu erregulazio bat aurkeztu du. Aiaraldeko eskualdean oso zabalduta daude kezka eta ezinegona, eta euskal erakundeen inplikazioa eskatu dute hango udalek, eta, azken egunetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako ordezkariekin bildu dira zuzendaritzako ordezkariak eta langileenak, negoziazioak desblokeatzeko. 

Radio Euskadin atzo egindako elkarrizketa batean, Arantxa Tapia sailburuak bi aldeei galdegin zien «modu zibilizatuan» negoziatzera eser daitezela. Eskatu zien «ahalegin bat egiteko», enpresa «oparotasun egoera batera itzultzen denerako» erabaki horietan atzera egin ahal izateko. Tapiak enpresari eskatu zion langileen ordezkariekin «gardenagoa» izateko bere azalpenetan, eta kezka agertu zuen, halaber, azken egunetan beharginen≠ protestetan izandako «tentsio sentsazioarekin»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.