Espetxe eskumenaren transferentziaz aritu dira Grande-Marlaska eta Erkoreka

Espainiako Barne ministroa Gasteizen izan da gaur, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuarekin bilduta. Aitor Estebanek esan du espetxe eskumena «Aste Santua baino lehen» eskualdatu beharko luketela.

Fernando Grande-Marlaska eta Josu Erkoreka, gaur, Gasteizen. EUSKO JAURLARITZA
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon O. Urain
2021eko otsailaren 26a
12:22
Entzun

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak bilkura egin dute gaur goizean Gasteizen. Jakinarazi dutenez, Poliziaren jardunaz aritu dira batez ere: pandemian zehar polizia ezberdinek egindako lana txalotu dute, eta eskerrak eman dizkiete bi agintariek elkarri egindako lan horregatik. Espetxe eskumenaren transferentzia ere izan dute hizpide. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak laster eskuratu beharko luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden espetxeak kudeatzeko eskumena, 1979ko estatutuan jasota dagoen gisan. Jaurlaritzak ez du zehaztu, ordea, Grande-Marlaskak eta Erkorekak gai horri buruz zehazki zer izan duten aipagai.

Jaurlaritzak nabarmendu duenez, «giro lasaia eta guztiz adeitsua» izan dute bileran, eta «edukiei dagokienez bilera emankorra» izan da. Ertzaintzaren eta Espainiako polizien arteko elkarlana sendotzeko Segurtasun Batzordea suspertzearen alde egin dute bi agintariek batzarrean, 2017ko uztailaren 9an bildu baitzen azkenekoz batzorde hori. «Josu Erkorekaren eta Grande-Marlaskaren ustez, bilera beharrezkoa da Ertzaintzaren eta estatuko segurtasun indar eta kidegoen arteko koordinaziorako eta segurtasunaren arloko erronka berriak elkarrekin aztertzeko», zehaztu du Jaurlaritzak.

Pandemian poliziek izandako jarrera txalotu dute biek, «pandemiaren lehenengo egunetik» ari direlako «herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzen, oinarrizko zerbitzuak eta ondasunak, osasun materialaren hornidura eta azpiegitura kritikoen funtzionamendua bermatuz». Azken egunotako «indarkeria ekintzak» gaitzetsi dituzte bi biek, halaber: Jaurlaritzaren arabera, bi agintariak «bat etorri dira istiluei eta ordena publikoaren nahasmenduari buruzko analisian», eta adierazi dute «gizartearen gehiengoaren portaera eredugarriaren aurrean gutxiengo batek eragindakoak» direla istiluak.

Aste Santua baino lehen

Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak gaur Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean esan du espetxe eskumenak «Aste Santua baino lehen» eskualdatuta beharko lukeela: «Bestela, [Espainiako Gobernua] ez litzateke bere hitza betetzen ari».

Estebanek Espainiako Gobernuari eskatu dio eskumen guztiak eskualdatzeko egutegia bete dezala: «Espetxeetakoa ongi dago, baina hor daude Bizitzeko Gutxieneko Errenta eta beste guztiak. Ni ez nago Jaurlaritzan, baina Espainiako Gobernuari helaraz diezaioket eskumen guztiak iritsi behar direlako mezua. Batzuk egutegian lehenetsita daude, beste batzuk aurreratuta daude, baina egutegi osoa bete behar da».

Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, berriz, nabarmendu du Espainiako Gobernuak «borondate politikoa» daukala eskumenak eskualdatzeko.

Edonola ere, datozen asteetarako espero da espetxeen eskumenaren eskualdaketa. Atzo, Eusko Legebiltzarrak eskatu zuen haren esku uzteko negoziazioak amaitzean lortzen den akordioa. Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, «transferentzia egin ondoren, 2019ko martxoaren 13ko osoko bilkura monografikoan onartutako ebazpen proposamenak oinarri izan daitezela Euskadin ezarri beharreko espetxe eredua definitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.