Albistea entzun

Euskara

Traduttore, traditore, gailua ere

Hiru itzultzaile automatiko nagusi atzeman daitezke Interneten, euskaratik eta euskaraz bat-bateko testu itzulpenak egiteko. Gaztelerarekin, frantsesarekin eta ingelesarekin gero eta emaitza hobeak dituzte, eta eztabaida piztu da, ofizioko itzultzaileen artean bereziki, tresnak jendea ordezka beldur.

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza -

2021eko otsailak 28

Garatuz eta hobetuz ari dira aitzina itzultzaile automatikoak; bereziki, azken belaunaldiko itzultzaile neuronala. Euskaratik eta euskarara berehalako itzulpenak egiten dituztenetarik, hiru dira ezagunak: Elhuyar enpresaren Itzultzailea.eus; Eusko Jaurlaritzaren Itzuli + (euskadi.eus); eta Batua.eus. Eztabaida piztu dute tresna berri horiek, bereziki ofizioko itzultzaileen artean arrangura piztu baita ez ote dituen ordenagailuak jendeak ordezkatuko.

Ekaitz Bergaretxe eta Nahia Zubeldia ofizioko itzultzaileak dira, eta biek argi dute: ez dituzte begiko. «Gizarte honen joera zabal eta kezkagarri batetik goaz gai honetan ere», erran du Ekaitz Bergaretxek; gailuak nola jendearen lekua hartzen ari diren, hots. Nahia Zubeldiak alde txarrak baizik ez dizkie ikusten tresna berri horiei: «Beldur handiz begiratzen ditut». Ohartu da anitz hobetu direla itzulpenen emaitzetan. «Geroz eta zehatzagoak dira, geroz eta erabiliagoak. Saihetsezina da etorkizunean horien nagusitzea». Horrek dakartzan ondorio sozialekin: «Pertsonak ezingo dira horretatik bizi, askoz merkeagoa eta sinpleagoa baita makina» manatzaileentzat. Ez du uste, haatik, itzultzaileak alde bat ordezkatuko dituztenik, «baina bai asko murriztu». Haren ustez, «itzultzaileek zuzentzaile bilakatu beharko dute».

Hori ez zaio itzulpengintza Bergaretxeri. «Itzultzaile eta interprete ikasketak egin nituenean, curriculumean sartzen ziren hizkuntza bakoitzaren herrialdeen edo zibilizazioen azterketak. Horrek erran nahi du itzulpen bat egiten dugunean ez dela soilik hitz bat beste batez ordezkatzea, baizik eta errannahia itzultzea».

Bergaretxeren gisan, Zubeldiak ere ez dio zentzurik ikusten itzulpen literal eta pentsatu gabeari. «Adierazkortasuna galtzen da itzulpena pertsonala ez delarik».

Euskararentzat den lanjerra aipatu du Bergaratxek. «Nik uste dut tranpa ikaragarriak izan daitezkeela euskararentzat, euskal nortasunarentzat. Berriki aritu naiz Euskal Elkargoko turismo bulegoko dokumentuen itzultzen. Frantsesez idatzia delarik: 'Espelette un des plus beau village de France'. Zer egin horrekin? Nik ez dut hola uzten. Makinak ez du hautu kritiko baten egiteko gaitasunik». Funtsezkoa zaio ofizioko itzultzaileak jakitea testu edo hitzaldi bat nori zuzendua zaion, jakiteko nola itzuli. «Erran ohi da itzulpen ona itzulpenaren eta egokitzapenaren mugan kokatzen dela».

Euskara, zabalduago?

Kepa Sarasola Euskal Herriko Unibertsitateko informatika alorreko irakasle eta ikerlaria da. Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria ere bada. Donostiako unibertsitateko Ixa ikerketa taldean parte hartzen du, hain zuzen, itzultzaile automatikoen hobekuntza eta horien aplikazioak garatzeko. Azkarki sinesten du euskarari ekarriko dioten laguntzan. Bizkitartean, argi du ez duela tresnak ordezkatuko jendeak duen itzulpenerako gaitasuna. «Errore ikaragarria litzateke. Egin behar duguna alderantzizkoa da: dauzkagun giza itzultzaile indartsuekin euskara eraman hamar aldiz harantzago. Askoz gehiago itzul daiteke, eta ondo». Sarasola ados da, beraz, Bergaretxerekin eta Zubeldiarekin: «Batzuetan, hizkuntza komunikatiboagoa ekarri behar da, eta hori pertsona batek egin behar du».

Bea Salaberri AEK-ko didaktika arduraduna da Ipar Euskal Herrian. Hark ere argi du itzulpen egokia jendearen eskuetatik pasatuko dela oraino bulta batez. «Itzultzaile automatiko batek beti ukanen ditu bere mugak. Mintzatzen zarelarik, hautatzen duzu hitz bat bestea baino; tresnak ez du harrapatuko finezia hori, intentzio humano hori. Sortzaileei ez die kenduko beren eginkizuna».

Hala ere, erabilpen anitz ikusten dizkio Sarasolak bat-bateko itzultzeko gaitasun berriari: «Euskara ez da ailegatzen gaur egun ospitaleetara, epaiketetara. Telebistan, bideoetan, azpidatziak egin daitezke modu masiboan. Bilera asko egin daitezke euskaraz. Euskara erosoago eta maizago erabiltzeko izango dira tresna horiek».

Ixa taldean hasiak dira itzultzailearen aplikazioen lantzen, hala nola medikuntzan. «Zu medikuarengana bazoaz, elkarrizketa euskaraz izan daiteke, baina medikuak gero erdaraz idatzi behar du txostena, halabeharrez. Zergatik? Beste mediku batek irakurri behar badu eta euskara ez badaki, ez luke ulertuko. Lantzen ari gara —eta nahiko aurreratuta dago— mediku batek euskaraz idazten badu beste mediku horiek itzulpena izatea», dio Sarasolak. Irakasleentzat ere materiala prestatzeko lagungarri ikusten ditu. «Eman dezagun interesatzen zaizkigun apunte batzuk badaudela erdaraz. Orain arte, bideraezina zen euskaraz jartzea giza itzultzaile bati ordainduta. Orain irakasleak errazago dauka euskarazko informazioa ematea ikasleei».

Itzultzaile automatikoen ekarpena auzitegietan ere badakusa. «Epaitegietan ez da ia-ia ezertan erabiltzen euskara, gaur egun. Abokatu batek, epaile batek egin nahi badu euskaraz, orain errazagoa izango zaio itzultzea».

Euskal prentsarentzat ere aukerak badirela dio Ixako kideak. Euskal edukiak zabalago ezagutarazten ahalko direlakoan. «BERRIArentzat, Hitza-rentzat, erronka bat da laster egitekoa. Zuek idazten dituzuen gauza ederrak batzuetan ez dira ailegatzen, eta jendeak ez ditu baloratzen. Katalunian, Bretainian, Korsikan berdin».

Edo behargabeko?

Bere mugak izanik ere, Bea Salaberri ohartua zaie tresna berriek egin hobekuntzei. Itzultzaile automatikoari «ematen diozun bazka hobea bada, hobetuko da. Beharbada, erronka horretan da: kalitatezko itzultzailea izatean».

Helduen euskalduntzea duenez ofizio, mementoko ez du ikusten AEKren gisako egitura ordezkatuko dutenik ordenagailuek. «Gaur egun, jadanik posibilitateak anitz dira, baina ez ditugu erabiltzen, zeren pertsona arruntek nahiago dugu hizkuntza bat ikasi ezinez eta denbora pasatu makina batekin».

Gau eskoletako klaseetarako erabilpen posibleak ikus daitezke, baina hor ere bere mugekin: «Ematen ahalko duzu telebistako edozein katetan, eta hautatzen ahalko duzu zer hizkuntzatan ikusi eta entzun nahi duzun. Baina horrek ez du erran nahi hizkuntza horretan sortua izanen denik, hizkuntzaren mundu pertzepzioa, alde kulturala kontuan hartuko dituenik».

Bai, baina. Interneten atzeman duen iragarki bat atera du Salaberrik. New Yorkeko enpresa batek belarritako gailu ttipi bat garatu du, belarri zuloan ezarriz bat-bateko itzultzaile lana egiteko. «The Pilot! Hitz egiten duzu, telefono bati juntatua da belarriko gailua, eta zure hizkuntzan ematen dizu». Bereziki hizkuntza gutituetako sustatzaileen artean sor dezake arrangura. Pentsa baitaiteke erdaldun anitzek ez dutela gehiago euskararen ikaste beharrik ikusiko euskaldunen ulertzeko. Ez gara horretan. «Ez zait sekula nehor jin erratera klasea gelditzen duela belarriko gailu bat erosi duelako», dio Salaberrik. Urrunago doa: «Problema ez da tresna, baizik eta gizarteak sortzen duen presioa hizkuntza bat ikasteko edo ez. Hizkuntza nagusituetan ez da problemarik, zeren, hiztun masa hainbestekoa da, non beti errazagoa izanen baita ikastea. Arazoa da euskaraz hiztun kopurua askoz ttipiagoa dela; beraz, lanjerra handiagoa da». Gehiago dena, nekez irudikatzen ditu jendeak elkarren parean gailu bat dela medio komunikatzen. «Egonen gara bakoitza gure hizkuntzan, belarritako gailuekin, bakoitza gure burbuilan? Ez dakit sekula erreala izanen denetz. Komunikazioaren parte humano guzia kentzen du».

Arrangurak arrangura, Sarasolak dio ez dela parada huts egin behar. «Aldaketa teknologikoekin beti arrisku bera da: erabil daitezke jendearen kontra edo alde. Inportantea da guk euskararen eta jendearen alde baliatzea, eta salatzea txarto erabiltzen denean. Estrategikoa da denon artean jauzi hori egitea; instituzioek ere bai. Euskara gehiago eta testuinguru berrietan erabiltzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Itsasmuseumeko sarrera. ©ITSASMUSEUM

Itsas kulturarekin liluratu Itsasmuseumean

Itsasmuseum

Bilboko eta Bizkaiko itsas kultura ezagutarazten du Itsasmuseumak. Bilboko erdigunetik hurbil dago, Euskalduna ontziola zegoen tokian.

Ermidio Figueiredo eta Zorian Chacon. ©Bizkaiko Hitza

«Poliziak heziketa soziala behar du»

Peru Azpillaga Diez - Bizkaiko Hitza

Zergatik niri? izeneko atari digitala sortu du Bizkaiko SOS Arrazakeriak, poliziek soslai etnikoaren arabera egindako geldialdiak salatzeko. Figueiredo eta Chaconek diote frogatu nahi dutela ez direla kasu bakanak.

Emakume bat maskara jantzita, atzo, Barakaldon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Maskara jantzita, badaezpada

Gotzon Hermosilla

Indarrean sartu da Jaurlaritzaren neurri berria, «jendea dabilen hiriguneetan» maskara eramatera behartzen duena. Nahastea handia bada ere, Barakaldon, oro har, jendeak zintzo bete du agindutakoa.

Lopez de Guereñu eta Lopez de Uralde, Bilbon. ©Aritz Loiola / Foku

Trantsizio ekologikoaren ertzak

Iñaki Petxarroman

Deskarbonizatzeko moduez eztabaidan aritu dira Lopez de Uralde eta Lopez de Guereñu. Podemoseko diputatuak berehala ekiteko eskatu du, eredu guztiz berriztagarri bat lortzeko. Lopez de Guereñuk ez du baztertu trantsizio horretan gasa ere erabiltzea, iraunkortasun ekonomikoa eta soziala ere beharrezkotzat jo baititu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.