Zinema

Kapitalismo garaikidearen inguruko lana, Urrezko Globoetako irabazle nagusia

'Nomadland' filmak dramarik hoberenaren saria jaso du, eta Chloe Zhaori eman diote zuzendaririk onenarena. Horrez gain, 'Borat' sagaren bigarren lana nabarmendu dute, eta, telesailen artean, 'The Crown'.

'Nomadland' filmeko zuzendari Chloe Zhao. Zuzendaririk onenaren saria jaso du. ETIENNE LAURENT / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 1a
07:51
Entzun

Frances MacDormad aktoreak etxegabeko emakume bat antzezten du Nomadland filmean. AEBetako mendebaldean bidaiatzen du, lan egiteko aukeren atzetik. Kapitalismo garaikidearen gig ekonomia deiturikoaren erretratua egiten du filmak, hau da, lan eta bizimodu segururik gabe, erabat enpresen eta horien aplikazioen menpe bizi behar duten langile txiroen patuarena.

Venezian, Urrezko Lehoia irabazi zuen lanak, eta Torontoko jaialdian (Kanada), Ikusleen saria. Horregatik espero zen sariak irabaztea Urrezko Globoetan ere. Halere, ez da esperotako saririk egon MacDomandentzat. Andra Dayk eraman zuen saria,  The United States vs. Billie Holiday filmean eginiko lanarengatik. Abaslariaren inguruko film biografikoa da.

Historikoa da, ordea, Chloe Zhao zuzendariak jasotako saria. Izan ere, Urrezko Globo bat irabazi duen bigarren emakumezko zuzendaria da. Barbra Streisandi eman zioten lehena, 1984. urtean, Yentl filmarengatik. «Nomadland, funtsean, doluan eta sendaketan eginiko erromesaldia da», esan du Zhaok, Interneten bidez eginiko ekitaldian, izurria dela eta. «Beraz, bizitzan hortik pasatu diren guztientzat... hau zuentzat da».
 

'Borat' eta 'The Crown'

Komediarik onenaren saria Sacha Baron Cohenen Borat Subsequent Moviefilm lanak eraman du. 2006. urtean estreinaturiko Borat filmaren segida da. Kazakhstango kazetari xelebre bat antzezten du Cohenenek horretan, eta, kamera ezkutu baten bitartez, batez ere AEBetako politikariei eta beste pertsonaia batzuei amarrua egiten die, baimenik gabe grabatuta. Besteak beste, Mike Pence Donald Trumpen presidenteordea eta Rudy Giuliani Trumpen abokatua agertzen dira.

«Eskerrik asko soilik pertsona zuriz osaturiko Hollywoodeko atzerriko prentsari», esan du Cohenek ekitaldian, tonu zirikatzailea galdu gabe. Izan ere, berriki jakin da egun ez dagoela pertsona beltzik Urrezko Globoen antolakuntzan. «Itxaron: Donald Trumpek esan du amarrua egon dela emaitzetan. Esan du hildako jende askok eman duela botoa».

Arrakastatsua izan da oso gaua The Crown telesailarentzat. Lau sari jaso ditu; tartean, dramarik onenarena. Josh O'Connor eta Emma Corrin aktoreek sari bana jaso zuten. Telesailean, O'Connorrek Charles printzea antzezten du, eta Corrinek, berriz, Diana printzesa.

The Queen's Gambit telesaileko Anya Taylor-Joy aktoreak ere saria jaso zuen, telesail labur bateko aktorerik onenaren saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.