Musika

Bunny Wailer musikari jamaikarra hil da

Bob Marleyrekin batera, The Wailers taldearen sortzaileetako bat izan zen. 73 urterekin hil da, Kingston hiriburuko erietxe batean.

Bunny Wailer musikaria, 2014an emandako kontzertu batean.
Ainhoa Sarasola.
2021eko martxoaren 2a
20:35
Entzun

The Wailers taldeko hiru kide sortzaileetako bat izan zen Bunny Wailer abeslari, konpositore eta perkusionista jamaikarra, Bob Marleyrekin eta Peter Tohsekin batera. Taldearekin lehenik, eta bakarka gero, reggae musika nazioartean ezagutzera eman zuen musikari nabarmenetako bat izan zen. Kingston hiriburuko erietxe batean hil da, 73 urte zituela.

Jamaikan 1947. urtean sortu zen Wailers, Neville Livingstone izenarekin. Marley eta bera txiki-txikitatik izan ziren lagunak. Joe Higgs reggae musikariak gidatu zituen lehen urratsetan, eta haren bidez ezagutu zuten Tosh ere. Hala, hirukotea osatu, eta Kingstonera abiatu ziren musika ibilbideari ekiteko. Handik gutxira, Junior Braithwaite, Beverley Kelso eta Cherry Smith batu zitzaizkien taldera. The Wailers izena hartuta, Studio One diskoetxearekin plazaratu zuten lehen pieza, Marleyk idatzitako Simmer Down kantua; Jamaikan lehen postuan egotera heldu zen abestia. Braithwaite, Kelso eta Smith taldetik aldendu ziren gutxira, eta hastapenetako hirukotearen eskutik heldu zen taldearen lehen diskoa: The Wailing Wailers (1965ean). Beste hainbat lan helduko ziren haren atzetik, tartean, Soul Rebels (1970), Soul Revolution (1971) eta nazioartean sona bereziki handia ekarri zien Catch a Fire (1973).

Burnin' (1973) plazaratu ondotik, Wailerrek eta Toshek taldea utzi zuten, eta bakarkako bidean, beste hainbat disko ondu zituen Wailerrek, tartean, Blackheart Man (1976) eta Rock 'n' Groove (1981).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.