The Wailers taldeko hiru kide sortzaileetako bat izan zen Bunny Wailer abeslari, konpositore eta perkusionista jamaikarra, Bob Marleyrekin eta Peter Tohsekin batera. Taldearekin lehenik, eta bakarka gero, reggae musika nazioartean ezagutzera eman zuen musikari nabarmenetako bat izan zen. Kingston hiriburuko erietxe batean hil da, 73 urte zituela.
Jamaikan 1947. urtean sortu zen Wailers, Neville Livingstone izenarekin. Marley eta bera txiki-txikitatik izan ziren lagunak. Joe Higgs reggae musikariak gidatu zituen lehen urratsetan, eta haren bidez ezagutu zuten Tosh ere. Hala, hirukotea osatu, eta Kingstonera abiatu ziren musika ibilbideari ekiteko. Handik gutxira, Junior Braithwaite, Beverley Kelso eta Cherry Smith batu zitzaizkien taldera. The Wailers izena hartuta, Studio One diskoetxearekin plazaratu zuten lehen pieza, Marleyk idatzitako Simmer Down kantua; Jamaikan lehen postuan egotera heldu zen abestia. Braithwaite, Kelso eta Smith taldetik aldendu ziren gutxira, eta hastapenetako hirukotearen eskutik heldu zen taldearen lehen diskoa: The Wailing Wailers (1965ean). Beste hainbat lan helduko ziren haren atzetik, tartean, Soul Rebels (1970), Soul Revolution (1971) eta nazioartean sona bereziki handia ekarri zien Catch a Fire (1973).
Burnin' (1973) plazaratu ondotik, Wailerrek eta Toshek taldea utzi zuten, eta bakarkako bidean, beste hainbat disko ondu zituen Wailerrek, tartean, Blackheart Man (1976) eta Rock 'n' Groove (1981).