Ingurumena

Jaurlaritzak auzitara jo du Armentia II-n zundaketak egiteko baimena ukatzearen aurka

Gasteizko Udalak abenduan ukatu zion baimena, eta orain orduko jarrerari eutsiko diola azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Eusko Jaurlaritzak Subilla Gasteizko eremuan egin nahi du Armentia II putzua, eta Gasteizko Udalarena da jabetza. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2021eko martxoaren 3a
09:50
Entzun

2016an, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zuen Subilla Gasteizko Armentia-II hobian gasa ustiatzeko, Sesha enpresa publikoaren bidez, eta Gasteizko Udalari zegokion ematea. Oposizioa lizentzia hori ematearen aurka egon da orain arte, argudiatuta ez zela bateragarria besteak beste Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, eta erregai fosilak erretzeak «etorkizun energetikoa hipotekatuko» lukeelakoan trantsizio ekologikorako bidean. Iazko abenduan, udalak erabaki zuen baimenik ez ematea.

Orain, Jaurlaritzak auzibidera joko du erabaki horren aurka, eta Shesak helegitea jarriko du, Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasun Sailak jakinarazi duenez. Arantxa Tapia sailburuak azaldu du gasa «trantsiziozko energia bat» izango dela eta «zero kilometroko» energia iturri bat baliatu nahi dutela: «Jakin behar dugu badagoen, zenbat dagoen eta erabilgarria ote den».

Hori ikusita, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esan du udalak baimena ukatzearen aldeko jarrerari eutsiko diola auzitegietan. Radio Euskadin, Urtaranek azaldu du udalak ez duela iritziz aldatuko eta jarraituko duela «Gasteizen ongi gorena defendatzen».

Bestalde, Jaurlaritzak helegitea jarriko duela eta, EH Bilduren Gasteizko udal taldeak adierazi du Urtaranek eta EAJ «berriro kale» egin diela herritarrei, uste baitu helegitea jartzeko erabakiak «bizkarra» ematen diola Gasteizko «eta Araba osoko gehiengo sozial eta politikoaren borondateari».

Ahal Dugu-k, berriz, EAJri leporatu dio «Arabako erakundeei eta Arabako gizartearen gehiengoaren borondateari errespetua galtzea». Gogora ekarri du proiektuak «gainerako alderdien, Gasteizko Udalaren eta Arabako Batzar Nagusien gaitzespena» jaso duela, eta EAJri egotzi dio «interes orokorra kontrajartzea, bere interesak lehenesteko eta merkatuaren logika inposatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.