TORTURA

Torturen auziari «konponbide klabean» heltzeko eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak

Bide horretan, «justizia punitiboaren» ordez,  «justizia trantsizionalaren» formula lehenetsi du.

Joxe Arregiren argazkia otsailaren 13an, Zizurkilen, Torturaren aurkako Egunaren harira eginiko ekitaldian. JON URBE / FOKU
jon olano
2021eko martxoaren 3a
10:12
Entzun

Azken asteetan, besteak beste Non dago Mikel? film dokumentalerako dokumentazio lanean eskuratutako grabazio batek eta Pili Zabalak Lasa eta Zabala auziaren harira erregistratutako eskaerak agenda politikora eraman dute torturaren gaia, eta, eztabaida horretan, torturaren biktimek jaso beharreko aitortzaren inguruko gogoeta bat plazaratu du Foro Sozial Iraunkorrak. Haren iritziz, garaia da «behar diren mekanismoak ezartzeko» torturaren gaiari «behin betiko konponbidea» emateko: «Gaiari sakontasunez eta konponbide klabean heltzen ez diogun bitartean, behin eta berriz gizarte gisa astinduko gaituen auzia izango da torturarena».

Mekanismo horiek «konponbide klabean» ezarri behar direla uste du foroak, eta «justizia punitiboaren» ordez,  «justizia trantsizionalaren» formula lehenetsi du. Halere, gaineratu du ezin dela itxaron «mekanismoaren inguruan ados jarri arte», eta, pauso gisa, «biktimarioek eta tortura babestu zuten arduradun politikoek eragindako kaltea aitortu» behar dutela: «Egungo gobernuek beharrezko iruditzen zaizkien erreparazio ekinaldiak egin behar dituzte».

Foro Sozial Iraunkorrak gogorarazi du iazko ekainaren 23an Gomendioen dekalogoa aurkeztu zuela, «oraindik konponbiderik ez duen» auzi horri aurre egiteko: «Gure ustez, ekarpen horrek gaurkotasun osoa hartu du egoera honetan». Bide horretan, nabarmendu du eztabaidak zera uzten duela agerian: «Biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan adostasun instituzional eta politikoa» dagoela.

Aitzitik, alderdien arteko «kontakizunaren bataila, oraingoz, dauden adostasunak eta egindako aurrera urrats argiak estaltzen ari da», foroaren esanetan.

Egiaren, justiziaren eta erreparazioaren triangeluan, Foro Sozial Iraunkorrak uste du torturaren biktimek ez dutela «justiziarekiko konfiantzarik», eta horregatik arazo horri irtenbidea emateko modu bakarra dela «eragile guztiak biltzen dituen egia soziala aitortzetik» harago jo eta «azterketak eta konponbide proposamenak egiten» hastea.

Datuak ere gogora ekarri ditu foroak: Eusko Jaurlaritzaren txostenean jasotako 4.113 kasuetatik 31tan baino ez da epai judizial bidez aitortu. Horrek biktimen «babesgabetasuna» adierazten duela ondorioztatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.