Katalunia

Bartzelonan larunbateko istiluen ondotik atxilotutako zortzi pertsonak espetxera bidali ditu epaileak, bermerik gabe

Poliziaren arabera, Bartzelonako Udaltzaingoaren furgoneta bat erre zuten zortzi atxilotuek. Hilketa saiakera, agenteen aurkako atentatu saiakera, talde kriminaleko kide izatea, desordena publikoa eta legez kontrako manifestazioa egitea egozten diete. 

Milaka herritar atera dira Bartzelonan Pablo Hasel askatzeko eskatuz. MARTA PEREZ / EFE
2021eko martxoaren 3a
11:07
Entzun

Epaileak bermerik gabeko espetxealdia ezarri die joan den larunbatean Bartzelonan izandako istiluetan atxilotutako zortzi pertsonei. Pablo Hasel rap kantariaren espetxeratzearen kontrako manifestazioa izan zen Bartzelonako kaleetan, eta horren ondotik izan ziren istilu larriak.

Atxilotutako zortziei hilketa saiakera, agenteen aurkako atentatu saiakera, talde kriminaleko kide izatea, desordena publikoa eta legez kontrako manifestazioa egitea egotzi diete. Zortzi atxilotuek atzo deklaratu zuten Bartzelonako 17. Instrukzio epaitegian, eta, Kataluniako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, beren defentsaren galderei bakarrik erantzun zieten.

Poliziaren atestatuaren arabera, larunbatean Pablo Hasel rap kantariaren espetxealdia salatzeko egindako manifestazioaren ondoren, Bartzelonako Udaltzaingoaren furgoneta bat erre zuten zortzi atxilotuek. Mossoen arabera, atxilotuak ideologia anarkistako talde bateko kideak ziren, eta «indarkeria oso handiz» jarduten zuten, banketxeak, dendak eta hiri altzariak hondatuz.

Otsailaren 16an Pablo Hasel atxilotu zutenetik, etengabeak izan dira Bartzelonan izandako manifestazioak. Protesta horietako askotan istiluak izan dira, eta Mossoak oldartu egin zaizkie manifestariei. Protestak izan ziren lehen egunean, otsailaren 16an, manifestari batek begi bat galdu zuen foam bala batek jota. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.