Katalunia

Begi bat galdu du Haselen espetxeratzearen aurkako protestetan zauritutako batek

Mossoek foam jaurtigaiak erabili zituzten Pablo Hasel rap abeslaria espetxean sartu eta haren alde eginiko mobilizazioetan, eta manifestarien aurka jaurti zituzten. Emakume bat larriki zauritu zuten, eta begi bat galdu du kolpearen eraginez.

Nagore Arin.
2021eko otsailaren 18a
13:42
Entzun

Zaharra da gomazko piloten eta foam piloten inguruko eztabaida. 2012. urtean hil zen Iñigo Cabacas, Ertzaintzaren gomazko pilota baten kolpearen ondorioz. Mugarri izan zen gertakari hura, eta, geroztik, gomazko pilota horiek erabiltzeari utzi zioten. Gerora, foam deituriko materialez egindako jaurtigaiak erabiltzen hasi zen Ertzaintza, baina foamez egindakoak erabiltzen hasteak ez ditu arazo guztiak konpondu. Bartzelonan gertaturiko gertaera lazgarri bat izan da eztabaida hori berriz ere mahairatu duena. Pablo Hasel rap abeslaria espetxean sartu, eta haren alde eginiko protesta eta mobilizazio batzuetan erabili zituzten Mossoek asteartean, eta manifestarien aurka jaurti zituzten. Emakume bat larriki zauritu zuten, eta kolpearen eraginez, begi bat galdu du. Pere Ferrer Mossoen zuzendari nagusiak gaur jakinarazi du ikerketa bat ireki dutela jazoera argitzeko, eta «zinez deitoratzen» dutela emakume hori era horretan zauritu izana.

Kataluniako Giza Eskubideen alde lan egiten duen Iridia erakundeak gaitzetsi egin du jazoera, eta bertan izan ziren manifestariei eskatu die grabatu zituzten irudiak eta bideoak bidaltzeko, zehazki zer eta nola gertatu zen argitzeko helburuarekin. Lehen datuen arabera, 20:30 eta 20:45 bitartean jaso zuen pilotakada emakumeak, Augusta etorbidean, Diagonal eta Travessera de Gracia kaleen artean. Manifestaria Bartzelonako Clinic Ospitalean dago geroztik, eta begi globoaren leherketa izan du kolpearen ondorioz. Iridia erakundearen hitzetan, foam jaurtigaiak «doitasun arma» dira, eta oso larritzat jotzen dute pertsona bat buruan zauritu izana. «Aspalditik ohartarazten ari garen moduan, foam bala horiek oso arriskutsuak dira, eta lesio larriak eragin ditzakete, baita heriotza ere», adierazi du erakundeak.

Euskal Herrian, aurrekari ugari

Euskal Herrian ere badira jaurtigai horien erabileraren eraginez ondorio larriak jasan dituzten manifestariak. Urtarrilaren 20an Donostian material hori erabiltzearen ondorioz zauriturik suertatu ziren gazteen auzia da horietako bat. Less lethal edo ez hain hilgarriak gisa sailkaturik daude arma horiek, baina, noraino dira kalte eta arriskurik gabeak? Eta arma horien ezaugarriez gain, erabiltzeko moduak ere ba al du zerikusirik izan ditzaketen ondorioetan? Galdera horiek eta gehiago aztertu zituen BERRIAk urtarrilean, artikulu honetan. Plastikozko aparraren moduko material batez osaturik daude: ez da gomazko pilotetako kautxua bezain gogor eta zurruna, eta, hark ez bezala, zerbait jotzen duenean, kolpearen energia xurgatzen du, eta deformatu egiten da. 40 milimetroko kalibreko jaurtigaiak dira, zilindro itxurakoak, eta hiru atal dituzte: karkasa, sua pizteko bederatzi milimetroko kartutxoa eta puntan golf pilota baten itxura duen foam muturra.

Nahuel Gomez Rodriguez pilotakada jaso zuen gaztearen testigantza ere jaso zuen BERRIAk. «Hobeto» egon arren, erraz ahantziko ez duen egun gisa definitu zuen Urtarrilaren 20a. Matelezurra hautsi zion jaurtigaiak, eta bi egun igaro behar izan zituen Donostiako ospitalean. Biharamunean egin zioten ebakuntza, eta pixkanaka osatzen ari bada ere, «injustizia sentimendua» barrenean du oraindik. «Ebakuntza hau jasan behar izana, nire bizitza aldatu behar izana, plaka batzuk orain bizitza osorako barruan eduki behar izana oso injustua da. Hor nengoelako jo ninduten; ez nintzen ari istiluetan parte hartzen», adierazi zuen.

Urte bat lehenago, 2019ko apirilean, matelezurra puskatu zioten Bilboko neska gazte bati ere. Vox alderdiak Bilbon antolaturiko ekitaldi baten aurkako protestara joan zen apirilaren 13an, eta masailezurra bitan xehaturik itzuli zen handik, ospitalera. Casilda Iturrizar parkean zen Espainiako alderdi ultraeskuindarraren mitina, eta zaurituak BERRIAri azaldutakoaren arabera, «jende pila bat» batu zen protestara. Hala, Ertzain lerro bat jarri zitzaien aurrean: «Gu destatzen ari ziren, baina ez nuen uste tiro egiteko asmorik zutenik». Ez zuen mugitzeko beharrik ikusi, eta zegoen tokian gelditu zen, baina, «bat-batean» tiroka hasi zen Ertzaintza: «Zaharrak zeuden, manifestazioarekin zerikusirik ez zuten txirrindulariak... Esango nuke ez zeudela hamar metrora baino gehiagora». Momentu horretan ohartu zen ertzain bat apuntatzen ari zitzaiola: «Buelta ematen hasi nintzen, eta ezkerrerantz abiatu nintzenean masailezurraren atzeko partean jo ninduten». Ebakuntza eginda, egun ugari igaro zituen ospitalean, baina mina «asteetan» izan zuen. Orain «ondo» dagoela dio, baina «bizi osorako» plaka batzuk ditu barnean, ez lituzkeenak «eduki behar».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.