Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek aurreratu du bera buru duen Fidesz alderdia Europako Alderdi Popularrak Europako Parlamentuan duen taldetik aterako dela. Alderdiko buru Manfred Weberri bidalitako gutun baten bidez eman du berria Orbanek.
Hain zuzen ere, gaur aldatu du Europako Alderdi Popularrak bere barne araudia, eta horren ondorio da Orbanen erabakia. Barne arauen aldaketa horren bidez, familia kontserbadorearen printzipioetatik eta balioetatik aldentzen diren alderdiak bertan behera uztea edo kanporatzea erraztea onartu du alderdiak.
«Ez dugu utziko gure eurodiputatuak isilaraziak edo mugatuak izan daitezen gure boto emaileak ordezkatzeko», kritikatu du Katalin Novak Hungariako Familia ministro eta Fideszeko presidenteordeak Twitterren.
Alderdiak zituen politika euroeszeptikoak zirela eta, 2018an Alderdi Popularretik kanpo utzi zuten Fidesz. Alta, euroganberako talde parlamentarioko kide izan da orain arte. Hemendik aitzinera Fideszeko hamabi eurodiputatuak ez-inskribatu gisa agertuko dira, baina ideologikoki hurbilekoak diren beste talde batzuetan sartzeko aukera izango dute.