EUSKAL PRESOAK

Sarek salatu du euskal presoen gradu progresioan «blokeo» bat dagoela

Hurbilketa eta Euskal Herriratzeekin «itxaropentsu» dago euskal presoen eskubideen aldeko mugimendua, baina salatu du gradu progresioan ez dela gauza bera gertatzen. Seme-alabak dituzten euskal presoen egoeraz ohartarazi dute: 94 dira, eta horietatik hamazazpik kalean behar lukete, beteak baitituzte zigorraren hiru laurdenak.

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 3a
13:58
Entzun

Euskal presoen eskubideen alde aritzen den Sare mugimenduaren ustez, «blokeo» bat dago euskal presoen gradu progresioetan. Azaldu dutenez, hain zuzen, euskal presoak oraindik Euskal Herrian ez badaude ere, «itxaropentsu» daude gertatzen ari diren hurbiltze eta Euskal Herriratzeekin; gradu aldaketekin, ordea, ez daude konforme, «geldoa» izaten ari baita bidea, eta, beraz, presoen etxeratzean oztopatzailea: «Ez dugu asko aurreratzen presoak hurbildu eta gradu progresioa aplikatzen ez bazaie, progresio hori ezinbestekoa baita guztiei etxerako bidea egiteko aukera emateko, espetxeen arloko legeria erabilita».

Bego Atxak eta Joseba Azkarragak eman dituzte datuak, gaur Donostian egindako agerraldi batean: haien hitzetan, 61 euskal preso daude gaur egun lehen graduan (euskal presoen %32), 118 bigarrenean (%62,5) eta hamar baino ez hirugarrenean (%5,5). Lehen graduan egoteak eskubideak «murriztea» dakarrela salatu dute Sareko bozeramaileek: izan ere, kartzelako patiora ateratzeko ordu gutxiago dituzte lehen graduan dauden presoek, ekintzetan parte hartzeko mugak dituzte, miaketak egiten dizkiete, eta ziega barnean egin behar dituzte otorduak, ez dutelako jantokira joateko aukerarik.

Bigarren graduan daudenek murrizketa gutxiago badituzte ere, Atxak eta Azkarragak nabarmendu dute hirugarren gradura igarotzen uzten ez badiete, preso horiek ez dutela aukerarik izanen baldintzapean aske gelditzeko. Hain justu, zigorraren hiru laurdenak betetzen dituztenean izaten dute presoek baldintzapean aske ateratzeko eskubidea, hirugarren graduan baldin badaude: gaur egun 60 euskal presok dute betea zigorraren zati hori, eta bertze zortzi egonen dira egoera horretan aurten, Sarek eman dituen datuen arabera: «Salbuespen erregimenean egongo ez balira, horiek guztiek izango lukete aske izateko aukera». Euskal presoen %36 dira. Sareren hitzetan, egoera «are larriagoan» daude adineko presoak eta zigor luzeak dituztenak, baita 7/2003 legearen arabera zigorturikoak ere, horiei gradu aldaketak eta baldintzapeko askatasuna lortzeko epeak anitz luzatu baitizkiete.

Gainontzeko preso guziei ematen zaien trataera bera eskatu dute euskal presoentzat: «Euskal presoek hirugarren gradura pasatzeko eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera izatea, egunez kalera irtenda eta gauean espetxera joanda, edo, bestela, 86.4 artikulua aplikatuta, bizimodu normalizatuagoa izatea, kondena etxean beteta, kontrol telematikoaren bidez». Espetxeetako tratamendu batzordeei, halaber, galdegin diete «irizpide argi bat» izan dezatela gradu progresioa eman ala ez erabakitzerakoan: «ETA duela urte batzuk desagertu zen, eta ezin da gradu progresioa baloratu erakunde hori jardunean egongo balitz bezala, askatasun gabetzearen zentzua perbertitzea baitakar, gabetze hori zigor huts gisa aplikatuko litzatekeelako, eta ez presoak birgizarteratzeko bide gisa».

94 guraso preso

Seme-alabak dituzten euskal presoetan jarri du fokua Sarek gaurko agerraldian: izan ere, 94 euskal presok dituzte seme-alabak, eta horietatik hamazazpik beteak dituzte jada zigorraren hiru laurdenak. Bi gurasoak espetxean dauzkaten umeak ere badira: bederatzi bikoteren kasuan gertatzen da hori. Euskal Herriko kartzeletan, ordea, seme-alabak dituzten zazpi preso baino ez daude. Preso horien kasuan ere baimenak ematea, gradu progresioa aplikatzea eta haien seme alabekin egoteko aukera onar dezatela eskatu du Sarek: «Labur esanda, gizatasuna aldarrikatzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.