Sagarduik esan du joan-etorriak nolabait mugatu beharko direla martxoan eta apirilean ere

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du oraindik ere «erabateko zuhurtzia» behar dela pandemiari kontra egiteko. Era berean, Nafarroako Gobernuak esan du «zuhurtzian oinarritutako irizpideen gainean» aztertuko dituztela, batik bat, Aste Saindurako neurriak.

Urduñako (Bizkaia) sarrera, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 3a
17:24
Entzun

«Martxoan eta apirilean oraindik ere beharrezkoak izango dira mugikortasuna mugatzeko neurri murriztaileak». Baieztapen hori egin du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Legebiltzarreko gaurko agerraldian. Administrazio ugari Aste Sainduan indarrean izanen diren neurriei begira ari dira egunotan; hain zuzen ere, batik bat gai hori izanen dute eztabaidagai gaurko herrialde arteko Osasun Batzordean. Sagarduik adierazi du Osasun Saila «orainari so» ari dela egoera aztertzen, eta nabarmendu du «erabateko zuhurtzia» behar dela pandemiaren bilakaerak hobera egin dezan. Gainera, azaldu du azken egunotan moteldu egin dela izurritearen egoera erakusten duten adierazleen beheranzko joera. Haren ustez, auzitegiak orain bi aste ostatuak berriz irekitzearen alde egin izana egon daiteke datuen makurtzearen atzean.

Nafarroako Gobernuan ere Aste Sainduari begira ari dira. Herrialdetik ateratzea eragozten duen itxiera perimetralari buruz, gobernuko presidenteorde Javier Remirezek azaldu du «zuhurtzian oinarritutako irizpideekin» jokatu beharra dagoela, eta nabarmendu du oraintxe bertan kutsatzeen apaltzea eta txertaketan aurrera egitea dela lehentasuna. Halaber, Remirezek argitu du erabakia ez dagoela soilik Nafarroaren esku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.