ETAren armak «sinbolikoki» suntsitu dituzte Madrilen

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa izan dira ekitaldian, baita Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea ere. Carlos Iturgaizek eta Covite biktimen elkarteak propagandatzat jo dute ekitaldia.

ETAren armak sinbolikoki suntsitzeko ekitalia, gaur, Valdemoron. CHEMA MOYA / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 4a
13:22
Entzun

Valdemoroko guardia zibil gazteen eskolan egin dute, gaur eguerdian, ETAren eta GRAPOren 1.377 arma «sinbolikoki suntsitzeko» ekitaldia, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak antolatuta. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Espainiako Estatuan jardun zuten bi talde armatuei kendurikoak dira deuseztatu dituztena armak; zehaztu dutenez, gehienak ETArenak: bertzeak bertze 697 pistola, 172 errebolber, 274 subfusil, eta hainbat fusil, errifle eta eskopeta zapaldu dituzte. Politikari eta polizia ugariren aitzinean sinbolizatu dute armen suntsiketa: Espainiako hainbat polizia, guardia zibil, foruzain, ertzain eta mossok oihal zuri baten azpian zeuden armak erakutsi dituzte lehenik, zapalgailu batekin zanpatu dituzte ondoren, eta, jakinarazi dutenez, fundizio batera eraman dituzte gero. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hartu du hitza ekitaldian, eta adierazi du «ETAren porrota» irudikatu nahi izan dutela harekin: «Armak entregatzen dituenak porrota onartzen du, eta ekitaldi honek horixe erakusten du». Haren hitzetan, armak publikoki suntsitzeak «indartu» egiten du «porrot» hori, eta «balioa du, duintasuna ematen dielako biktimei».

Espainiako Gobernuko ministro ugarik parte hartu dute ekitaldian: han izan dira, bertzeak bertze, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa. Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiak ere parte hartu du ekitaldian, baita Espainiako Estatuko fiskal nagusi Dolores Delgadok, Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidenteak eta fiskalburuak, eta hainbat Poliziatako buruek ere, hala nola Josep Lluis Trapero mossoen buruak.

Sanchezen erranetan, «ez-memoriaren aurkako borroka» egin nahi izan dute gaurko ekitaldiarekin. Azaldu duenez, hain zuzen, ezin dira «eraildakoak berreskuratu, ezta iragan beltza suntsitu ere», baina «pairatutako mina errepara» daiteke, eta «argitu gabeko krimenak argitu». Deitoratu du hainbat inkestak erakutsi dutela gazteek ez dutela «terrorismoaren historiaren» berri: «Ezin dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztu behar».

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroko zuzendari Florencio Dominguezek ere hartu du hitza ekitaldian. Haren hitzetan ere, «erakunde terroristen porrota» erakusten du armak suntsitzeak, baina harago jo du: «Terrorismoari sozialki zilegitasuna kentzeko obligazio morala dugu orain, eta biktimen sakrifizioa aitortzekoa, erreferentzia etikoa baitira, eta terrorismoaren aurrean zuzenbide estatua eta askatasuna sinbolizatzen baitituzte».

PP eta Covite, aurka

Euskal Herriko eskuineko eragile espainiarrek ez dute ongi hartu ekitaldia, ordea. Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko buruak, erraterako, salatu du «plantak egiteko» egin dutela ekitaldia, eta gobernuak ekitaldiarekin «biktimak umiliatzen» dituela adierazi du: «Sanchezen gobernu sozial-komunistak ETAren burdinazko munizioak suntsitzen ditu, eta, aldi berean, munizio politikoa ematen dio ETAren inguruneari, ETAren aldeko Bildukoekin espetxe politika hitzartuta eta haien siglak zurituta».

Covite biktimen elkarteak ere gaitzetsi egin du ekitaldia, «propaganda» ekintzatzat hartu baitu. Elkarteak salatu du oraindik argitu gabe daudela «ETAk egindako krimenen erdiak baino gehiago», eta, beraz, gobernuak «huts egin» diela ETAren biktimei «egiarako eta justiziarako eskubidea» lortzeko bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.