Hezkuntza

Nafarroako Parlamentuak eskatu du ez emateko dirurik ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten eskolei

Eusko Legebiltzarrak, berriz, baztertu egin du neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeei diru publikorik ez ematea.

Naskak eta mutilak bereizten dituen Irabia-Izaga ikastetxea. IñIGO URIZ
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 4a
13:32
Entzun

Diru publikorik ez ematea ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei: finean, horixe da gaur Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu diona. Hiru hilabeteko epea eman diote plan bat egiteko, datorren ikasturtetik aurrera neurria indarrean egon dadin. Mozioa EH Bilduk aurkeztu du, eta PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babestu dute; Navarra Sumak, berriz, aurka bozkatu du.

Eusko Legebiltzarrean, berriz, bestelako erabakia hartu dute: baztertu egin dute ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei diru publikorik ez ematea. EH Bilduk aurkeztu du legez besteko proposamena, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei finantzaketa publikoa ukatzeko; Elkarrekin Podemosen babesa izan du, baina ez EAJrena eta PSE-EErena. Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkideak gogorarazi du LOMLOEn jasota dagoela ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeek ezin dutela diru publikorik jaso, eta, haren hitzetan, «onartezina» da «eredu baztertzaile» hori bultzatzen duten ikastetxeak diru publikoz laguntzea.

EH Bildurena ez, baina EAJk eta PSE-EEk —VOX abstenitu egin da, eta gainerakoek aurka egin dute— osoko zuzenketa bat aurrera atera dute. Bertan, hezkuntza itunekin aurrera jarraitzea defendatu dute, «egungo legediarekin bat eginez». Halere, testuan adierazi dute lehentasuna eman behar zaiela hezkidetzaren printzipioan oinarritutako itunpeko ikastetxeei. PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek esan du bat egiten duela EH Bilduren proposamenaren planteamenduarekin, baina uste du ez dela garaia ikastetxe horiei finantzaketa kentzeko, onartu duen arren LOMLOEk ate bat irekitzen duela horretarako: «Pausoak pixkanaka-pixkanaka eman behar dira aldaketak finkatzeko». EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagak azpimarratu du LOMLOEk zuzenean ez duela esan nahi ikastetxe horiei diru publikorik ez ematea. Izan ere, haren hitzetan, LOMLOEk atzeraeraginezko ondoriorik ez duenez, indarrean dauden itunak ez dira iraungitzen. Halere, onartu du legeak beharrezko arau esparrua irekitzen duela hori egin ahal izateko.

Nafarroan, berriz, EH Bilduren mozioaren alde egin dute. Mozioan jasota dagonez, «baztertzailea» da sexuaren araberako segregazioan oinarritutako hezkuntza eredua, eta ez dio jarraitzen Nafarroan azkenaldian egiten ari diren bideari: «Bultzatzen dituen balioek eta ereduek ez dute bat egiten azken urteetan Nafarroan emandako pausoekin, ezta hezkidetzarekin eta berdintasunean oinarritutako politika publikoekin ere».

Puntu nagusi horretan bat eginda, alderdi bakoitzak azaldu du zer arrazoi dituen mozioaren alde edo aurka egiteko. EH Bilduko Bakartxo Ruizek nabarmendu du Martxoaren 8aren atarian asko hitz egiten dela «edozein motatako diskriminazioez eta berdintasunik ezaz», eta prebentzioa beharrezkoa dela horien kontra: «Gizarte berdinzaleago bat lortzeko eta erlazio sanoagoak izateko, beharrezkoa da hezkidetza». Ruizen irudiko, hezkidetza hori lortzea ezinezkoa da ikasgeletan neskak eta mutilak bereizita, eta gogorarazi du LOMLOE hezkuntza legean bertan adierazten dela diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek ez dituztela banatuko ikasleak sexuaren arabera.

«Jauzi izugarria»

Hain zuzen, PSNko Jorge Agirrek goraipatu egin du LOMLOE. Haren hitzetan, «jauzi izugarria» da «eredu garaikide aurreratuagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa» lortzeko bidean. Horrenbestez, ikasleak banatzearen aurka daudela ziurtatu du: «Ez dugu defendatzen segregazioan oinarritutako hezkuntza sistema, guk defendatzen dugun ereduaren aurkakoa baita; gure apustua gizarte berdinzaleago eta inklusiboagoa da».

Geroa Baiko Maria Solaren irudiko, Nafarroa prest dago «behingoz» pausoa emateko eta diru publikoarekin ez laguntzeko ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak. Gainera, onartu du «beldurra» ematen diela «hain irmo» esan eta gero pausorik ez emateak. Ezkerrak ere ikasgeletan neskak eta mutilak nahastearen alde egin du: «Ikastetxe horiek gauza bakarra egin behar dute: ikasgelak misto bihurtu, eta hezkidetza ezarri eta garatu», azaldu du Marisa de Simonek. Bide beretik jo du Ahal Dugu-k ere, eta Ainhoa Aznarez Navarra Sumari mintzatu zaio, «kontraesanak eta populismoa» egotziz.

Hain zuzen, koalizio hori izan da mozioaren aurka egin duen bakarra. Navarra Sumako Pedro Gonzalezen hitzetan, familiek askatasuna dute seme-alabentzat nahi duten hezkuntza aukeratzeko, eta esan du hezkidetza hezkuntza mistoa baino haragoko zerbait dela: «Batzuetan, egoeraren arabera, baliteke hezkuntza mistoan hezkidetza gutxiago izatea bereizten dituztenetan baino».

Eusko Legebiltzarrean ere antzeko eztabaida egiten ari dira gaurko osoko bilkuran. Orain finantzaketa bertan behera uztea eztabaidatzen ari badira ere, egun Euskal Herriko hamabi zentrotan banatzen dituzte neskak eta mutilak, eta 26 milioi euro jasotzen dituzte Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik.

Erasoa ziberjazarpenari

Ziberjazarpenari buruz ere aritu dira Eusko Legebiltzarrean. Onartu dute protokolo sistematizatu bat ezarriko dutela urtero, «bizikidetza positiboaren garapenari» eta jazarpen eta ziberjazarpen egoerei buruzko datuak eta informazioa biltzeko. Gainera, azpimarratu dute ikastetxeetan ziberjazarpenaren eta eskola jazarpenaren aurka jarduteko «tresna, protokolo eta orientabide berriak» berrikusten jarraituko dutela, eta ikastetxeen eta hezkuntza komunitatearen esku jartzen. Elkarrekin Podemosek egin du legez besteko proposamena, eta talde guztiek onartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.