Mixel Labeguerieren mendeurrena

Labeguerieren eskaintzak presoen seme-alabei

Aurtxo-aurtxoa sehaska kanta grabatu zuen Mixel Labegueriek 1963an. Rafa Albisu ETAko kide atxilotuaren seme-alabei eskaini zien, eskuz, haien etxera diskoa bidalita. Beste atxilotu batzuen senideei ere bidali zien. «Betidanik jakin izan dugu abesti hori guri eskainia zegoela, baina geure buruari galdetzen genion: nori axola zaio?», kontatu dio BERRIAri Ane Albisuk.

jarraia194570.jpg
Olatz Enzunza Mallona - Mikel P. Ansa
2021eko martxoaren 5a
13:55
Entzun

«Betidanik jakin izan dugu abesti hori guri eskainia zegoela, baina geure buruari galdetzen genion: nori axola zaio?». Mixel Labeguerie euskal kantagintza berriaren aitzindaria jaio zela 100 urte bete diren honetan, Ane Albisuk (Donostia, 1960) orain arte «familiaren intimitatean» gordea izan duten bitxikeria bat kontatu dio BERRIAri: Labegueriek 1961ean kaleratu zuen lehenengo disko laburrean agertzen den Aurtxo-Aurtxoa abestia urte horretan preso hartutako guztien senideei eskainita dago.

Baina, bereziki, Ane eta Mikel Albisuri eskaini zien kantua Labegueriek: 1963. urtean Ane Albisuren amaren etxera iritsi zen diskoa, eta bertan, honako eskaintza hau, Labegueriek berak eskuz idatzia eta izenpetua: «Ana ta Mikel, aita preso da. Amatxorekin zaizte bakarrik. Aitatxo egun batian etorriko da; bainan zueri pentsatuz egin det abesti ori. Maita zazue Euzkadi!». Rafa Albisu, Aneren aita, preso zegoen garai hartan.

Jurgi Ekizak aste honetan BERRIAk eskatuta egin duen Aurtxo-aurtxoa abestiaren bertsioa:

[YouTube]https://youtu.be/tspdIVH5ljA[/YouTube]

Izan ere, 1961ean egin zuten ETAren aurkako lehen sarekada, eta, tartean, Rafa Albisu, Imanol Laspiur, Pontxo Iriarte eta Iñaki Larramendi atxilotu zituzten. «Abestia guri eskainita badago ere, gu bezala egon ziren horien guztien ispilu gara». Kantu horrek kartzelan senide bat edukitako familia «guztiei» egin nahi die erreferentzia, Ane Albisuren arabera. «Gure artean protagonismorik gabeko elkartasuna dago; denok geunden egoera berean, eta abestiak denoi egiten digu erreferentzia».

Orain arte sehaska kanta bezala ezagutu izan den abesti horren atzean, «bestelako» esanahi bat dagoela zehaztu du: «Orain arte, agian, inork ez zuen horren berri». Etxean txikitatik jakin izan badute ere, Labeguerieren jaiotzaren mendeurren honetan egin dute publikoki kontatzeko hautua: «Gaur egungo gizartean gauzak asko adierazten dira, asko publikatzen dira, eta asko esaten dira, baina gure garaian gauzak gordetzekoak edo ez gehiegi kontatzekoak ginen».

Mikel Albisu ere, Aneren anaia, ETAko kidea izan zen, eta preso egin zuen 2004tik 2019ra. Idazlea ere bada Mikel Albisu; aste honetan bertan argitaratu du Arroz uretan.

Nola ezagutu ziren ezin argitu

Mixel Labeguerieri dagokionez, ez dakite euren aitak nondik izan zuen haren berri: «Ez dakigu zer harreman zegoen aitaren eta Labeguerieren artean, eta ez dago modurik hori jakiteko». Ane Albisuk, ez zuen Labeguerie aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan: «Ez dut gogoan, eta gurasoei ere ez diet sekula entzun Labeguerieren inguruan hitz egiten». Ezin izan dute jakin haren diskoa nola iritsi zen etxera, beraz.

Ane Albisuk atzo jakin zuen, Mari Kruz Okiñena Pontxoren emazteari esker, Iñaki Larramendiren alaba Uxoari ere diskoa eskaini ziola Labegueriek: «Abestia Uxoarengan eta gugan pertsonalizatuta dago, baina esango nuke gainerako presoen senideei ere diskoa bidali ziela, baina ez zela beraien eskuetara iritsi». Iñaki Larramendiren alabari eskainitako abestian, berriz, aurtxo-aurtxoa agertu beharrean, alabaren izena agertzen zen. «Usua! Izu egin lo! Zeruan izar bat dago! Mila ta mila izango dira, aita libratu ta gero!».

Martxoaren 4an bete dira ehun urte Labeguerie jaio zela. Enbata mugimendu abertzaleko sortzaileetako bat izan zen Mixel Labeguerie, eta etxean iheslari bat ere hartu zuen, Jean Louis Davantek esplikatu duen bezala. Abertzaleen artean haserretuta utzi zuen mugimendua Labegueriek, baina, Davantek oroitzen duenez, «Mixel ez zen politikari hotza: sutsua zen, artista profetikoa, eta hori geldituko zaio euskaltzale guztien baitan». 1961eko sarekadan atxilotutakoen seme-alabei igorritako disko eskaini horiek, suhartasun horren seinale.

Hau da abestiaren letra:

Aurtxo-aurtxoa, izu egin lo,
emen nauzu zu zaintzeko.
Izu egin lo, aita urrun da, Euskadiren serbitzuko
zure ondoan ama daukazu, ez zaitu iñoiz utziko.
Aurtxo. aurtxoa, izu egin lo,
emen nauzu zu zaintzeko.
Izu egin lo, aita preso da zu biar libro izaiteko.
Egun batian etorriko da gu biokin bizitzeko.
Aurtxo-aurtxoa, izu egin lo,
emen nauzu zu zaintzeko.
Izu egin lo, ilunagatik zeruan izar bat dago.
Mila ta mila izango dire aita libratu ta gero.
Aurtxo-aurtxoa, izu egin lo,
emen nauzu zu zaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.