Jean-Louis Davant.
Mixel Labeguerieren mendeurrena. IRITZIA

Mixel Labeguerie

2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Mixel Labeguerie politikan erdiko gizona zen, zentrista, kristau-demokrata, gaur esaterako François Bayrou bat den bezala; ber denboran euskaltzalea jakina, abertzalea ere bai: adibidez Hegoaldeko iheslari politiko bat etxean babestu zuen luzaz eta lagundu. Elekari bikaina zen Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusietan, elokuentzia handikoa publikoaren aurrean. Lagunkina, alaia, konpainia maite zuena. Artista, piano jolea, kantugilea eta kantaria, gitarra lagun: euskal kantu berriari sorrera eman zion 1961ko udaberrian.

Haren ezagutza egin nuen urte hartako apirilean, Kanboko egoitzan, Enbata kazeta jaio berriko bilkura batean. Zazpi kide ginen, hilabetero biltzen ginenak kazetaren moldatzeko eta politikaz mintzatzeko.

1962ko udazkenean ustekabeko gertakizun batek gure ibilbidea zinez aldatu zuen: De Gaulle presidenteak Frantziako diputatuen legebiltzarra berritzea erabaki zuen, hauteskunde orokorrak antolatuz. Enbatakoek Mixel aurkeztera bultzatu genuen. Bere aldetik, alderdi zentristak Euskal Herri barneko hautagai bat bilatzen zuen, eta Mixelekin ados jarri ziren Errecart senatari indartsuaren inguruan. Aurkaria Kanboko beste mediku bat zuen, Camino, zaharragoa, eskuinekoa, 1958ko udazkenean diputatu sartu zena De Gaulleren sostenguz. Baina gero horren aurka itzuli zen, presidenteak Aljeriari autodeterminazioa eskaini ziolarik. Jendea masiboki De Gaullezalea zen, eta horrek lana zinez erraztu zion Mixeli: airez aire garaitu zuen. Ederregi zen oparia, ez baikinen horretarako prest, ez bera, eta ez gu. Berak 42 urterekin politikan esperientzia guti zuen, eta guk hamar edo hamabost urte gutiagorekin, batere ez. Haurteskunde kanpaina distiranta egin genuen, eta horrek ilusitu gintuen.

Ilusioak urte erdi batez iraun zigun, Itsasuko Aberri Egun fundatzailea besarkatuz: 1963ko apirilaren 15ean, Bazko astelehenez, jendetza ederra bildu genuen; lehen lerroan agertu ziren erdiko hautetsi ezagunenak, Errecart eta Labeguerieren inguruan. Honek idatzi zuen Enbataren Ageri Politikoa bere bi proposamenekin: epe laburrean Ipar Euskal Herriko departamendu bat euskararen araudi ofizial batekin, bigarren epean zazpi euskal lurralde historikoak batuko zituen eskualde bat, Europako beste eskualdeei federatua.

Laster Mixel eta gure arteko harremanak ahultzen hasi ziren. Ongi pentsatuz, bistan dago ezin zutela beren hartan iraun. Parisko legebiltzarrean sartzeak Mixelen egoera zinez aldatu zuen, ezin zuen militante aktibista eta separatista baten erara jarraitu. Aldaketa horren ezin baztertuzko ondorioak hozki aztertu behar genituzkeen hark eta guk, baina ez zen holakorik gertatu. Mixelek nortasun indartsua zuen, gure aldetik Ximun Haran Enbatako idazkari nagusiak halaber; biek ere pazientzia labur eta diplomazia guti. Beraz dibortzioa benetako esplikaziorik gabe gertatu zen, akta formalik gabe, kasik oharkabean.

Hegoaldeko indar nagusien arteko gatazkek Mixelekiko zatiketa areagotu ziguten. 1964ko udan ETAk bere politika gogortu zuen, adibidez zerga iraultzailearen biltzen hasi zen Iparraldean, jeltzaleen artean ere bai. Beraz EAJ sumindu zen, baita horren laguna zen Labeguerie ere. Ondorioak jasan genituen, bortizkeriaren erreprotxua guri ere bota ziguten Mixelen inguruko batzuek, nahiz ez dugun guk, Enbatakoek, sekula predikatu ez praktikatu. Dena dela, egiazko haustura 1964ko uda horretan gertatu zitzaigun benetako formulazio ez formalizaziorik gabe.

Mixelek parlamentari bezala ezin izan zuen euskal politikarik garatu, Frantziako Gobernuarekin ez baitzuen deus egiterik. 1962ko hauteskundeetan De Gaulle errespetatu zuen, alde edo aurka jarri gabe, eta horrela De Gaulleren zaleen bozak ere bildu zituen, gehiengo zabala lortuz. Baina gero alderdi zentristako lagunekin De Gaulleren aurka sartu zen, zerbaiten lortzeko xantzak oro galduz.

Joana emazteak eta biok Mixelekin harreman onak atxiki genituen politikako ezadostasunen gainetik. 1962ko hauteskunde kanpainan Joanak idazkari lana egin zion, hiru astez egon ginen haren etxean, ni handik egunero lanera joanez. Eta 1972an auzi andana luze bat hasi zitzaidalarik Baionako manifestaldi baten ondotik, Labeguerie ene alde lekuko agertu zen epaileen aurrean.

Politikan egin zuen ibilaldia garai hartako egoeran kokatu behar dugu, anakronismoa baztertuz. Abertzale guti ginen, eta gaizki entzunak, «Enbata zikinak». Beraz laguntza baino traba gehiago ekarriko genion parlamentari lanean. Baina hau beste arrazoi batek oztopatu zion: De Gaulleren aurkako hautuak, ulergarria izan arren. Mixel ez zen politikari hotza: sutsua zen, artista profetikoa, eta hori geldituko zaio euskaltzale guztien baitan, bere kantuekin, oroz gainetik neurtitz honekin: « Euskadi bakarra da gure aberria!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.