Tortura

«Bada garaia tortura aitortzeko»

Mila nafar inguru torturatu dituztela salatu, eta haientzat aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea eskatu dute ehunka lagunek Iruñean

Tortura ikertzeko eta aitortzeko eskatu dute ehunka lagunek gaur arratsalean Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
2021eko martxoaren 6a
20:44
Entzun

Berriz ere tortura hitza pankarta batean. Berriz ere kalera atera beharra. Isiltasuna gainditzeko beste ahalegin bat, eta bi eskari nagusi pankartan alderik alde: Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu. Grabaketa zahar batek mahai gainean paratu du oraindik argitu eta garbitu gabeko auzia. Horregatik, gaur arratsaldean, Iruñean, lagun anitz atera dira kalera torturak salatu eta torturak jasan dituzten pertsonentzako aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea exijitzera.

«Bada garaia egindakoa aitortzeko». Ainara Gorostiaga eta Iñigo Gonzalez argi mintzatu dira manifestazio bukaeran, Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean. «Tortura jasan dugunok aitortza behar dugu. Instituzioei dagokie gertatutakoa onartzea», esan du Gorostiagak. Beste bi eskari gehitu dituzte: torturaren inguruko erantzukizun guziak onartzea eta torturaren biktimek ordaina jaso dezatela. Horrekin batera, tortura gehiagorik ez dela izanen berma dezatela eskatu diete erakundeei.

Horretarako, Nafarroan «ikerketa ofizial» bat egiteko beharra azpimarratu du Gorostiagak, poliziak zenbat lagun torturatu dituen argitzeko eta «eskubide urraketa larri horrek» herrialdean izan dituen ondorioen «argazki osoa» izateko. «Ahaleginak eta bi egin behar ditugu erakundeek behin betiko aitor dezaten hainbeste sufrimendu eragiten jarraitzen duen errealitate hori», gehitu du Gonzalezek.

Tortura ez da salbuespen izan gaurko manifestazioko antolatzaileen arabera. Aho bilorik gabe mintzatu dira bozeramaileak: «Argi eta ozen esan nahi dugu: tortura hamarkada luzeetan [Espainiako] estatuko erakundeek onartu eta legitimatutako praktika izan da. Sistematikoa. Eta zenbait alderdi politikok, epailek, auzitegiko medikuk eta komunikabidek ere parte hartu dute hori babesten». Nafarroako Torturatuen Sarearen arabera mila nafar baino gehiago torturatu dituzte.

Mikel Zabalza izan dute gogoan, duela 35 urte Guardia Zibilaren eskuetan hildako nafarra. Bi aste dira Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela baieztatzen duen audio elkarrizketa bat argitaratu zuela Público-k. Bere garaian epaileek froga hori aintzat ez hartzea «ulertezina» dela salatu dute. Zabalzaren senideek manifestazioan parte hartu dute, eta eskatu auzi hura argitzeko.

«Kriminologiaren Euskal Institutuak edo Euskal Memoria Fundazioaren datu basean egindako azterketen arabera, Mikel ez zen bakarra izan, ezta tortura larriak jasan zituen azkena ere», gogorarazi du Gonzalezek. Zabalzak bezala torturak jasan zituzten gainerako lagunentzako mezua ere eman du Gorostiagak: «Bizi izan zenuten amets gaiztoa ezagutzen dugu, eta badakigu gaur egun zauria itxi gabe dagoela, baina ez zaudete bakarrik. Ez gaude bakarrik».

Kilometro bat lagun

Babes handia izan du gaurko manifestazioak. Antolatzaileen arabera 2.300 lagunek parte hartu dute protestan; 2.000 Espainiako ordezkaritzaren esanetan. Hiru ilaratan banaturik zeharkatu dituzte Zabalguneko karrikak. Geltokitik ateratzekoak baziren ere, metro batzuk harago hasi da manifestazioa, Baluarte plazan, Espainiako ordezkaritzak ibilbidea aldatzera behartu baititu antolatzaileak. Ez da oztopo bakarra izan: Iruñeko Udalak ez die Sarasate pasealekuan bozgorailuak eta oholtza paratzeko baimenik eman, haien esanetan baimenak denbora gutxirekin eskatu zituztelako. Hala ere, oholtza eta bozgorailuak muntatu dituzte.

Manifestariek osasun neurriak bete dituzte, eta ibilbidearen zati handiena isilik egin dute. Bukaeran hasi dira oihuak. «Torturarik ez!», «Mikel, gogoan zaitugu!» eta «Herriak ez du barkatuko». El Corte Ingles saltokiaren inguruan Espainiako poliziak ziren istiluetarako jantzi eta tresnekin, eta orduan poliziari zuzendu dizkiote oihuak: «Alde hemendik, utzi bakean!». Poliziak torturatu eta hiltzen duela ere leporatu diete manifestarien ahoetatik botatako leloek.

Protestaren burua Nafarroako Gorteen kaletik Baluarte plazara iristen ari zela, azkenengoak Oliveto Kondearen karrikan ziren. Manifestazioak kilometro bateko luzera izan du, beraz. Eragile askoren babesa izan du, gainera: EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu alderdiena, eta ELA eta LAB sindikatuena, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.