Albistea entzun

Goya Sariak

Euskal filmek zortzi sari jaso dituzte Goya sarietan

Bost garaikur eskuratu ditu Akelarre pelikulak, eta hiru, berriz, Ane-k. Emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrari eman diote, eta emakumezko aktore berririk onenarena Jone Laspiur donostiarrari.

Jone Laspiur, atzo, emakumezko aktore berririk onenaren saria telematikoki jasotzen.
Jone Laspiur, atzo, emakumezko aktore berririk onenaren saria telematikoki jasotzen. Miguel A. Cordoba / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2021eko martxoak 7 10:09

Euskal zinemak arrakasta izan du aurtengo Goya sarietan. Espainiako Zinema Akademiak atzo banatu zituen sariak, eta bi euskal filmek zortzi garaikur jaso zituzten guztira: Pablo Aguero zinemagile argentinarrak zuzendutako Akelarre filmak bost lortu zituen, eta hiru David Perez Sañudoren Ane-k. Zortzi horien artean, saririk garrantzitsuenak Ane filmeko bi aktore nagusiek irabazi zituzten: emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak, eta emakumezko aktore berririk onenarena, berriz, Jone Laspiur donostiarrak.

Malagan (Espainia) egin zuten Goya sarien 35. sari-banaketa, eta Antonio Banderas aktoreak eta Maria Casado telebistako aurkezleak aurkeztu zuten. Irabazleek ere modu telematikoan jaso zituzten sariak, eta, besteak beste, zeresana eman du Aranzazu Callejaren eta Maite Arroitajauregiren saria jasotzeko moduak: abestuz eman zituzten eskerrak. Jatorrizko musikarik onenaren saria eman zieten Akelarre-n egindako lanagatik. 

Aguerok iaz aurkeztu zuen sorgin ehizari buruzko filmak jaso zituen orotara sari gehien. Jatorrizko musikarik onenaren sariaz gain, beste hauek ere irabazi ditu: Mikel Serranok zuzendaritza artistikorik onenagatik, Nerea Torrijosek jantzien diseinurik onenagatik, Beatushka Wojtowickek eta Ricardo Molinak makillajerik eta ile apaintzerik onenengatik, eta Mariano Garcia Martyk eta Ana Rubiok efektu berezirik onenengatik. Besteak beste, Wojtowick poloniarrak eskerrak eman zizkion «Euskal Herri ederrari», eta gehitu zuen «kultura zoragarri bat eta gastronomia bikaina» ezagutu dituela.

1609. urtean eta euskal kostaldeko herri batean dago girotua Akelarre-k kontatzen duen istorioa. Neska gazte batzuk eguneroko lanak egiten dabiltza; ezustean, soldaduak inkisizioaren epaile batekin agertuko dira, eta, sorginkeria egotzita, atxilo eramango dituzte. Aguerok Euskal Herrian grabatu zuen, eta filmeko pertsonaiak euskaraz eta gazteleraz mintzo dira.

'Ane'-k, hiru

Emakumezko aktorerik onenaren sarirako izendapena jaso zuen Amaia Aberasturik ere, Akelarre-ko protagonistak, baina azkenean Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak irabazi zuen, Ane filmean egindako lanagatik. Lehen aipatu bezala, Jone Laspiurrek emakumezko aktore berririk onenaren saria lortu zuen, eta filmaren hirugarren saria, berriz, David Perez Sanudo zuzendariarentzat eta Marina Paresentzat izan zen, gidoi egokiturik onenagatik. Desagertu berri den alaba baten bilaketa du ardatz Ane filmak, eta iazko Zinemaldian estreinatu zen, Zuzendari Berriak sailean, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen.

Baziren izendapena eskuratua zuten euskal ekoizle gehiago ere, baina haiek ez zuten saririk jaso. Juanma Bajo Ulloa zuzendaritzarik onenaren sarirako hautagai zen, Baby filmagatik, eta haren jatorrizko musikagatik izendatuta zeuden Koldo Uriarte eta Bingen Mendizabal ere. Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces lana ere izendatu zuten, dokumental laburrik onenaren sarirako, eta Alberto Vazquezen Homeless Home filma, berriz, animaziozko lan laburrik onenerako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film, Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Annie Ernaux idazlea, 2022an, Nobel saria jasotzen. ©Christine Olsson/EFE

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria

Berria

Annie Ernaux idazlearen 'La femme gelée' itzuliko du euskarara

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Sormene jaialdiko mahai inguruetako bat, iaz. ©SORMENE

Apirilaren 27tik 30era itzuliko da Udaberriko Sormene

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu aurten ere Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia).

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...