Euskal presoak

Irati kartzelatik atera dute, gurasoak barruan utzita

Euskal presoen alaba hiru urte bete ostean atera da Aranjuezko kartzelatik. Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera.

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak antolatutako ekitaldi bat, Bilbon. ARITZ LOA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 8a
16:18
Entzun

«Oso-oso gogorra». Hitz gutxi behar ditu Julen Orbea Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformako kideak Iratik eta bere gurasoek azken hilabeteetan eta gaur bizitakoa deskribatzeko. Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirain euskal presoen alaba da Irati Zapirain Etxebarria. Aranjuezko espetxean (Espainia) bizi izan da amarekin, baina, behin hiru urte beteta, gaur kartzelatik atera behar izan du, ama eta aita bertan utzita. Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformako kideek «gutxieneko» eskaera bat egin dute: gurasoak gerturatzea. Gaurtik aurrera, Sareren datuen arabera, 88 ume motxiladun daude Euskal Herrian.

Eguerdi aldera, espetxetik atera, eta Bilborako bidea hartu du umeak, amonarekin eta osabarekin batera. Aurretik, ordea, bisean biseko bisita izan du amarekin, aitarekin eta amonarekin, Orbeak azaldu duenez: «Amamak esan dit oso-oso gogorra izan dela hirurentzat». Gaurkoa gogorra izan bada, orain artekoa ere ez da erraza izan. Orbea, plataformako kidea izateaz gain, gurasoen laguna ere bada, eta ondo daki azken hilabeteetan zer bizi behar izan duten pandemiaren ondorioz: «Pandemiak gogortu egin du jada berez gogorra zena. Iratiren aitak, Iñakik, gaur izan ditu besarkatzeko une bakarrak urte osoan zehar: hamabi hilabetean egon da alaba besarkatu ezinda, eta ez besarkatu bakarrik, bideo dei bidez ikusi du». Izan ere, Orbeak azaldu duenez, azken hilabeteetan bisean bisekoa egin izan balute, hirurak konfinatu egin beharko ziratekeen: «Bisean biseko hori egiten bazuten, umeak ere hamar egun ziega barruan egon beharko zuen, atera ere egin gabe». Gaurko bisitaren ondoren ere, itxialdian jarri dituzte bi gurasoak: «Bisean bisekoaren ondoren, orain komunikatu diete COVID-19arengatik aitak eta amak hamar egunean egon behako dutela konfinatuta euren ziegan».

Bisitak, zalantzan

Gaurko bisitaren ondoren, ez dakite berriz noiz egongo diren elkarrekin: «Irten, irten da, baina orain ez dakigu berriro noiz bueltatu ahal izango den ama eta aita ikustera». Izan ere, Orbeak esan duenez, COVID-19aren ondorioz, bisitarik gabe daude Aranjuezko espetxeko presoak. Gainera, ez dakite aurrerantzean bi euskal presoek han jarraituko duten, berez tokatzen zaien kartzela Jaengoa (Espainia) baita: «Teorian, legedia aplikatuz, berriro bueltatu beharko lirateke Jaenera. Hori inondik inora onartu ezingo genukeen kolpe handi bat izango litzakete».

Egoera ikusita, Orbeak konponbideak eskatu ditu: «Umeen eskubideak kontuan hartuta, espetxe politika hau guztiz irauli behar da». Baita salaketa bat egin ere: «Ez dago modurik ama edo aita izateko Euskal Herriko espetxeetan». Azpimarratu duenez, «espetxea ez da ume batentzako lekua», eta beste eredu batzuen alde egin du: «Badaude beste eredu batzuk, askoz ere humanoagoak, eta umeen eskubideak bermatzen dituztenak. Eskatzen duguna da minimo hori Euskal Herriko espetxeetan ere egon dadila».

Martxoaren 20rako Sarek egin duen deialdiaren berri ere eman du Orbeak. Hain zuzen, ekitaldiak egingo dituzte haur motxiladunak dauden herri guztietan. «Hor bukatutzat emango genuke Irati Gurasoekin dinamika, baina lanean jarraituko dugu motxiladun umeen dinamikan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.