'Euskaldunon Egunkaria'

'Galtzaile'

Patxi Ezkiagak Galtzaile izeneko poema idatzi zuen 2003eko martxoaren 10ean, gaur hemezortzi urte, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ostean.

Patxi Ezkiaga, 2012an elkarrizketa batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Patxi Ezkiaga
2021eko martxoaren 9a
16:40
Entzun

Duela hemezortzi urte,Euskaldunon Egunkaria itxi eta egun batzuetara, Patxi Ezkiagak (1943-2018) Galtzaile izeneko poema hau idatzi zuen. Gaurko egunez egin zuen, martxoaren 10ean. Poema hura Beatriz Gorritiri eman zion, Joan Mari Torrealdairen (1942-2020) emazteari. Haren eskutik jaso ondoren argitaratu du BERRIAK:
 

GALTZAILE

(Egunkaria gogoan)

 

Itxi gaituzte.

Mozala jarri digute,

bizinahia ziegetan

isilaraziko ote.

 

Eguzkiaren babesa irrikitzen du haurrak,

etorkizuna ekaitz baitzaio, eta zama.

Arimari urduritasun taupada damaio,

sentimendu kezkagarrien bihotzeko ibaia.

 

Sabaiaren magala du amets saguak,

katu itxura beldurrezko geroak;

begininiei larritasuna darie,

ihesak izuari ezarririko muga.

 

Gizarte maila guztiak kontrolatu nahi ditu sistemak,

hitza zenbat eta borobilagoa, orduan eta irristakorragoa baita;

kontzientziari lapurtu zaion harrotasuna,

isiltasunean onar dezan menderatuen herio astuna.

 

Itxi gaituzte.

Jarri digute mozala,

bizinahia ziegetan

isilaraziko ote.

 

“Mort pour la Patrie” ziotsoten antzinakoek,

oraingoek, berriz, “ixo”, “shut up”, “ixo”, demokraziaren izenean;

hitzen zorroztasuna ez da aldatu,

mozorrotu nahi duten arren botoen tonuaz.

 

Minaren oihu guztiak dira garratzak,

ezberdina izan arren eztarria estaltzen duen uniformea:

Daviden izar edo marinen berde-ilun,

ke berak laztandu duen metraileta-ahoa.

 

Ihauterietako traje koloretsuz jantzi da

kolorerik gabe bizi den arlotearen bihotza;

duintasun bila luzatu ditu zalantzazko urratsak,

aurkituko ote hainbeste belztasun akabatzeko arma.

 

Itxi gaituzte.

Jarri digute mozala.

Bizinahia ziegetan

isilaraziko ote.

 

Kaosaren deabruek “Egin bedi” diote, berriz ere,

edertasun guztia kreakuntzaren bezperako ilunpera itzuli nahian;

paradisuko sagarrak zimeldu nahi dituzte,

gure Izan guraren tentazioak gugan tokirik ez dezan.

 

Eta katakunbetako euskaldun gara berriz ere,

gehiengo absolutuaren epaileen graziaz.

Lehoiak ekarri dituzte,

Erromako Coliseotik ekarri

hezur eta haragi berri izan gakizkien

behera egiten duten hatz berrien hareetan.

 

Soldadu, haur, kontzientzia, sagu,

arlote, min, lehoi, paradisu...

hitzez hitz datorkigu, halabeharrez, oinazea,

noizbait sendabiderik izan dezagun.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.