EUSKAL PRESOAK

Maiatzaren 8an 650 tontorretara igotzeko deia egin du Sarek

Urrirako zeukaten prestatuta egitasmoa, baina eguraldi makurraren ondorioz bertan behera utzi zuten euskal presoen eskubideen aldeko protesta. Urruntze politika bukatzea eta gradu progresioa aplikatzea galdeginen dute.

Sareko kideak, gaur, Bilbon egindako agerraldian. FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 10a
13:38
Entzun

Urriaren 3an egin behar zuen Sarek euskal presoen eskubideen aldeko mendietako protesta, baina, eguraldi iragarpen txarraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten. Maiatzaren 8rako jarria dute hurrengo data: Euskal Herriko 650 tontor igo nahi dituzte euskal presoen eskubideen alde, eta egitasmoan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Bego Atxa Sareko bozeramaileak jakinarazi duenez, «presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera» aldarrikatuko dute mendietan, eta, horretarako, urruntze politika bukatzea eta preso guziei gradu progresioa aplikatzea galdeginen dute.

Sarek jakinarazi duenez, Izan Bidea dinamikaren barnean dagoeneko ia milioi bat kilometro egin dituzte herritarrek. 3.127.326 kilometro egitea dute helburua: «Gure konpromisoa da Euskal Herrian bizi garen herritar beste kilometro egitea», azaldu du gaur Atxak. Egindako urratsek «helburu argia» dute, Sareren erranetan: «Euskal presoen egoera konpontzea eta bizikidetza eta bakea lortzeko bidean aurrera egitea». Eritasun larriak dituzten presoen eta ume motxiladunen egoeraz ere ohartarazi du Atxak, eta salbuespen politikak bukatzeko eskatu du.

Erronka «historikoa»

Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren hitzetan, «erronka historikoa» da aldi berean Euskal Herriko 650 tontor igotzea. Azaldu dutenez, halaber, aukera guztietarako mendiak hautatu dituzte: «Zailtasun handiko, ertaineko eta txikiko mendiak dira, parte hartu nahi duten guztiei parte hartzeko aukera bermatu nahi diegulako: mendizale esperientziadunei, familiei, umeei, helduei, nagusiei, gazteei. Baita mendira urtean behin baino ez doazenei ere. Aukera zabala eskainiko dugu, bakoitzak bere neurrirako mendia hauta dezan». 

Parte hartu nahi dutenek 650tontor.sare.eusweb orrian eman ahal izanen dute izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.