Mendebaldeko Sahara

Saharako hainbat umek eskutitz bat bidali diote Joe Bideni

Sahara herri gisa onar dezala eskatu diote Mendebaldeko Saharako hainbat haurrek Bideni. Errefuxiatuen kanpamentuetara gonbidatu dute, egoera bertatik bertara ikusteko. 

Joe Bideni bidali dioten gutuna.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 11
16:50
Entzun

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren hainbat haurrek gutun bat bidali diote Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari, Sahara herri gisa onar dezan. «Espero dugu zu ez izatea aurreko presidentea bezalakoa, Sahara Marokoren zati bat dela esaten zuen hori bezalakoa, hori ez delako egia». Donald Trumpek, Bidenen aitzineko presidenteak, Mendebaldeko Sahara Marokoren zati bat zela erran zuen, presidentetza utzi aurretik, eta lurrikara politikoa eragin zuen horrek. 

«Gu errefuxiatuen kanpamentuetako neska-mutilak gara, eta 45 urte daramatzagu hemen. Pobreak gara gure lurralderik ez dugulako eta Donald Trumpek gure ametsa hautsi zuelako, baina orain esperantza dugu zuregan, erbesteaz nekatuta gaude eta». Idatzi diote haurrek Bideni.

Haurrek Bideni idatzi diote beren herrira itzuli nahi dutela, eta hango arnasa hartu nahi dutela. Laguntza eskatu diote horretarako: «Gure lurraldean bizi nahi dugu, eta bakean bizi nahi dugu, eta ez dugu gerra gehiagorik nahi munduan; are gutxiago hemen».

 

Bideni gutuna bidali dioten haurretako bat. 

Beren bizitzaren nondik norakoen berri eman diote haurrek Bideni, eta kontatu beren anaiak eta aitak gerrara joan behar izan direla Marokok Mendebaldeko Saharan jendea jotzen, kartzelatzen eta hiltzen duelako. «Zuk erokeria hau geldiarazten ahal duzu; urteak daramatzagu bakeari eusten eta erreferendumaren zain», esan diote.

«Eskutitz hau idazten dizugu zure laguntza eskatzeko, gure lurraldera itzultzen laguntzeko, mesedez, gure kaleetan barna paseatu nahi dugulako, zeruko izarrak ikusi eta gure lurraldean zahartu ahal izateko. Ez dugu nahi gure aitona-amonei gertatutakoa guri gertatzerik, gure lurraldean lurperatuak izan gabe hil baitziren», idatzi diote. 

Haurrek errefuxiatuen guneetara gonbidatu dute Biden, beraiekin tea hartzeko eta «askatasunez bere lurraldera itzuli nahi duen herri bat» direla esateko.

Bideni bidalitako gutunean haurrek egindako sinadurak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.