Politika

EH Bilduk bere ibilbidea laburbiltzen duen ‘10 urte baino ez’ dokumentala aurkeztu du

EH Bilduren historian zeresana duten 26 lagun elkarrizketatu dituzte dokumentala osatzeko. Apirilaren 3an estreinatuko dute Iruñean.

Arnaldo Otegi eta Larraitz Ugarte dokumentalaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 12a
11:27
Entzun

Hamar urte bete ditu EH Bilduk, eta bere ibilbidea jasotzen duen dokumentala osatu du koalizioak: 10 urte baino ez. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ondu du lana, eta EH Bilduren sorreratik zeresana izan duten 26 laguni egindako elkarrizketak bildu dituzte. Larraitz Ugarte EH Bilduko komunikazio arduradunak eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak gaur goizean aurkeztu dute dokumentala, Donostian. Lanaren bitartez, EH Bilduren «komunitatea trinkotzeko» asmoa dutela azaldu du Ugartek. Horregatik, hiri eta herri guztietan ikusgai egotea nahi dute. Estreinaldia apirilaren 3an izango da, Iruñeko Golem zinemetan. Apirilaren 10ean, Donostiako Tabakaleran estreinatuko dute. Aprilaren 17an, Gasteizen izango da emanaldia, eta 23an, Bilbon. Unibertsitateetan ere emanaldi bereziak egingo dira.

«Hamar urte ez dira ezer herri baten historian, ez dira ezer gurea bezalako mugimendu politiko batentzat. Baina atzera begiratzen badugu eta arretaz ikusten badugu zer garen, zer egin dugun urte hauetan eta, batez ere, etorkizunerako zer bide marrazten zaigun, esan dezakegu EH Bildu eta hura osatzen duen komunitatea egoerarik onenean daudela herri honetako gehiengo soziala estadio berrietara bideratzeko», azpimarratu du Ugartek. Azken hamar urteotan EH Bilduk egindako bideaz eta aurrera begirako erronkez mintzatu da Otegi: «Gure mugimenduak hesi asko hautsi ditu azken urte hauetan». Azpimarratu du EH Bildu «elkarbizitza politikorako esparru» bat bilakatu dela, eta gobernu bokazioa eta «estatu bokazioa» dituela. Aurrera begira,  EH Bildu «urrats kualitatiboak» egin nahi dituen mugimendu politikoa dela gaineratu du Otegik, eta helburu nagusienen artean dituztela bere oinarriak are gehiago zabaltzea: «Etxe hau handitzea da helburua, eta horretan ari gara, oinarria zabaltzen ari gara, eta hegemonia aldatzea da helburua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.