Musika

Beyonce eta Taylor Swift, Grammyetako irabazle nagusiak

Arrazakeriaren inguruko hausnarketez bete dituzte AEBetako musika sariak.

Beyonce eta Megan Thee Stallion rap abestirik onenaren saria jasotzeko unean, 'Savage' kantarengatik.
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 15a
09:43
Entzun

Dagoeneko 28 Grammy sari ditu Beyonce abeslariak, eta inoiz garaikur gehien irabazitako emakumea da sarion historian. Bart banatu dituzte Grammyak Los Angelesen (AEB). Taylor Swift izan da gaueko beste protagonista nagusietako bat. AEBetako Arte eta Zientzien Grabazio Akademia Nazionalak banatzen ditu sariok, eta 1958an hasi ziren ematen.

Orain arte Alison Krauss bluegrass abeslaria zen Grammy gehien zituen emakumea, baina Beyoncek gainditu egin du.

Beste marka bat hautsi du Taylor Swift kantariak: lehenengo emakumezkoa da urteko diskoaren saria jasotzen hiru urtez jarraian. Bakarrik Frank Sinatrak, Paul Simonek eta Stevie Wonderrek lortu dute hori. Folklore diskoarengatik eman diote saria Swifti.

Billie Eilishek urteko grabaketaren saria jaso du, Everything I Wanted kantuarengatik. H.E.R kantugileak, urteko abestiaren saria, I Can't Breathe abestiarengatik. Urteko grabaketaren saria kantu baten abeslariari ematen diote, pieza berea izan edo ez; urteko abestiaren saria, berriz, kantu baten egileari. Artista berriaren saria Megan Thee Stallionek eraman du.

Beltzen egoera, gai nagusia

Beltzek AEBetan pairatzen duten egoera izan da gaueko gai nagusia. Beyonceren saria aurkeztu dutenez, haren Black Parade azken diskoa aipatu dute. Black power mugimendua da horretan protagonista. «Garaion inguruan hausnartzeko betebeharra» duela adierazi du artistak, eta «erregin eta errege beltz ederrak» kantugai bihurtzen jarraituko duela gaineratu du.

Quincy Jones ekoizlearen Grammy kopurua berdindu du Beyoncek. Oraindik hiru falta zaizkie biei Georg Solti musika klasikoaren zuzendaria harrapatzeko, hark 31 baititu.

H.E.R abeslariak ere Black Lives Matter mugimendua hartu du ahotan, I Can't Breathe kantuan. Polizia zuri batek iaz hil arte ito zuen George Floyden azken hitzak erabili ditu leloan eta izenburuan. «Geu gara desio dugun aldaketa, eta gogoratu 2020ko udan eduki genuen borroka; eutsi indar horri», esan du.

Beste emakume beltz bat sartu da sarien historian: Megan Thee Stallion da rap abestirik onena irabazi duen lehenengo emakumea, Savage kantarekin. Beyoncek berak lagun izan du abesti horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.