AEB-ak

Larrialdien Kudeaketarako Agentziaren laguntza eskatu du Bidenek migratzaileen auzia kudeatzeko

Bi astean 4.000 inguru adin txikiko sartu dira AEBetara Mexikoko mugatik. Otsailean 100.000 lagun atxilotu dituzte AEBetako mugan.

AEBetako segurtasun indarrak migratzaileekin, Cudad Juarezen, Mexiko eta AEBen arteko mugan. LUIS TORRES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 15a
11:14
Entzun

Muga paperik gabe igarotzeko ahaleginak ugaritu egin dira Joe Biden Etxe Zurira heldu zenetik. Hark mugak itxita jarraitzen dutela berretsi arren, buruzagi demokrata migratzaileekiko leunagoa izango den itxaropena zabaldu da AEBetara sartzea helburu dutenen artean. Horren adibide da otsailean 100.000 lagun atzeman eta kanporatu zituztela mugazainek herrialdera sartzeko ahaleginetan, 2019 ekainetik kopururik altuena; horietatik 10.000 inguru adingabeak ziren. Gorakada are nabarmenagoa izan da bakarrik heltzen diren adin txikikoen artean: azken bi asteetan 4.000 haur inguru heldu dira AEBetara.

Legediaren arabera, adingabekoen kasuan, gehienez ere hiru egunez eduki daitezke zentro horietan, eta ondoren Osasun Departamentuan kudeatutako egoitzetara bideratu behar dituzte eta haiek gurasoen edo tutoreen esku utzi. Arazoa da, ordea, Aduana eta Mugen Babeserako Agentzia gaindituta dagoela, eta, ondorioz, gazteek behar baino denbora gehiago egin behar dute atxilotze guneetan —gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute horiek ez daudela adin txikikoak hartzeko prestatuta—. Hala, Larrialdien Kudeaketarako Agentzia bidali du Bidenek mugara, migratzaileen auzia kudea dezan. Datozen 90 egunetan haren lana izango da migratzaileak «jaso, kokatu eta modu seguruan lekualdatzea». Ez da lehen aldia agentziak migratzaileen etorrera kudeatzen duena. Barack Obama agintean zenean ere, 2014an, El Salvador, Honduras eta Guatemalatik heldutako adingabeen etorrera kudeatu zuten.

Larrialdietarako agentziak egoera kudeatu artean, Texasko Gobernuak behin-behineko aterpe bat eraiki du atxilotze guneetan dauden adingabeak jasotzeko; azken hilabetean zabaltzen duten bigarrena da. Bien bitartean, Washingtonek berretsi du itxita jarraitzen duela AEBen eta Mexikoren arteko mugak. Segurtasun Kontseilu Nazionaleko hego-mendebaldeko mugako koordinatzaile Roberta Jacobsonek ohartarazi zuen inork ez zukeela «muga paperik gabe zeharkatzeko arriskua bere gain» hartu beharko, «are gutxiago adingabeek».

Etxe Zuriak helarazitako mezuak, ordea, nahasgarriak dira mugaren beste aldera igarotzeko zain daudenentzako. Izan ere, Bidenen administrazioak iragarria du «laster» ahalbidetuko dituztela prozedurak asilo eskariak tramitatzen hasteko, eta 4.000 milioi dolarreko aurrekontua ere onartu berri du Kongresuak datozen lau urteetako hegoaldeko mugako migrazioaren kudeaketarako. Bestetik, hasiak dira adingabeak euren gurasoekin biltzen, betiere, gurasoek AEBetan geratzeko baimena duten kasuetan.

Zurrumurruek bultzatuta

Ciudad Juarezen milaka lagun pilatzen dira AEBetara eramango dituen El Pasoko pasabidea zeharkatuko zain. Haietako askok bizi osoko aurrezkiak baliatu dituzte giza trafikatzaileei ordainduz haraino iristeko, horiek esan baitiete muga zabalduta dagoela. Hara iritsitakoan, ordea, ateak itxirik topatzen dituzte, eta harrapatuta geratzen dira.

AEBetan ez ezik, Mexikon ere tokirik gabe geratzen hasiak dira. Nazioarteko Migrazio Erakundea hotelak baliatzen hasia da migratzaileak aterpetzeko. Duela lau hilabete hutsik zegoen Filter hotela, esaterako, beteta dago, eta bertan daudenetatik %39 inguru bakarrik iritsitako adingabeak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.