HEZKUNTZA

Arabako 29 ikastetxek ingurunea «pedagogikoki» eraldatu beharra aldarrikatu dute

Eusko Jaurlaritzaren eta udalen inplikazioa eskatu dute, eta alde guztien arteko mahai bat sortzeko. Besteak beste, guraso elkarteak eta zuzendaritza taldeak kezkatuta daude ikasleen segurtasunaz eta ingurune naturalen hutsuneaz.

Ikastetxeetako kideek gaur goizean egin dute agerraldia, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko martxoaren 16a
12:07
Entzun

Ikastetxeen inguruneak «seguruagoak, osasungarriagoak, inklusiboagoak eta hezkidetzaileagoak» bilakatzeko asmoz, Arabako 29 eskolatako guraso elkarteek eta zuzendaritza taldeek Eusko Jaurlaritzaren eta udalen inplikazioa eskatu dute, eta manifestu bat sinatu dute. Haien asmoa inguruneak «era pedagogiko batean» eraldatzea da, eta horretarako aurrekontu jakin bat izango lukeen plan estrategiko bat garatzea. Halere, hori bideratzeko, ikasleen hezkuntza prozesuan parte hartzen duten alde guztien arteko mahai bat sortzea funtsezkotzat jotzen dute, eta, beraz, erabakigune hori sortzeko eskaria ere egin dute.

Ikasleen segurtasunaz, airearen kutsaduraz eta ingurune naturalen hutsuneaz kezkatuta daudela adierazi dute Denon Eskola Arabako eskolen federazioko parte diren ikastetxeek, eta oztopoak aurkitu dituztela konponbideen bidean: «Familiok hainbat aldaketa bultzatu eta ordaindu ditugu, administrazioek ez baitiete kasurik egiten gure eskaerei; Eusko Jaurlaritzaren eta udalen inplikazio faltarekin egin dugu topo diziplinarteko ikuspegi batetik problematikoa osoa bideratu ahal izateko». Gainera, erantsi dute diru laguntzen deialdietan «kontraesanak» daudela eta eskaintzen diren kantitateak ere «eskasak» direla. Beraz, uste dute orain erakundeei dagokiela gidaritza hartzea, betiere ikastetxeetako zuzendaritza taldeek eta familiek tokia izanda. «Problematika hau ikuspegi holistiko batetik eta borondate erabakitzailetik landuko da».

Guneen nolakotasuna

Ikastetxeen arabera, espazioek «aktiboak, bizigarriak, dibertigarriak, bereziak, erabilgarriak eta umoretsuak» izan behar dute, baina, horretarako, hezkuntza ereduari beste ikuspegi batetik begiratzea beharrezkoa izango da: «Begirada aldaketa bat behar dugu, jarrera aldaketa bat, eta maila guztietako instituzioen inplikazioa ikastetxe bakoitzaren prozesua ahalbidetu eta laguntzeko». Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaie inguruan dituzten aukerak behatzea, ezagutzea eta bide horietatik espazioak bestela erabiltzea. «Erabil ditzagun inguruneen eraldaketak hezkuntza komunitatean beharrezkoa den aldaketarako prozesu parte hartzaileak abiatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.