Zer zen albiste duela urtebete?

Urtea bete da gaur konfinamendua hasi zela. Iaz, gaurko egunez izandako albisteen kontakizuna da hau. 

Haur parke bat itxita, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 16a
16:02
Entzun

Duela urtebete, astelehena zen gaurko egunez. Ezohiko astelehena, ordea. COVID-19a pandemia izendatu berri zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Bezperan, martxoaren 15ean  konfinamendua ezarri zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Hegoaldeko herritarrek lehen eguna zuten etxean. Ordu batzuk beranduago neurri berbera hartu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Konfinamendua hasi zen Euskal Herrian. 

Egoera xelebrea zen Ipar Euskal Herrian, osasun egoera kaxkarra izanagatik ere herriko bozen lehen itzulia egin baitzen han igandean, martxoaren 15ean. Koronabirusaren ondorioz, hautesle asko ez ziren bozkatzera joan, eta abstentzio handia izan zen. Astelehenean hartu zuen Macronek herriko bozen bigarren itzulia bertan behera uzteko erabakia, eta herritarrei etxean geratzeko eskatu zien.

Egoera politikoa nahasia zen, gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Apirilean ziren egitekoak hauteskundeak, baina osasun egoera dela-eta bertan behera utziko zituzten susmoa zegoen. Hain zuzen, astelehen hartan bertan erabaki zuten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta bozetara aurkeztutako hautagaitza nagusien ordezkariek Eusko Legebiltzarrerako bozak atzeratzea. Orduan zehaztu zuten, halaber, EAEko osasun larrialdia amaitutzat eman ondoren egin behar zirela bozak, ahalik eta azkarrena.

Birusak eragindako egoera larria zen, eta Europako Batasuneko herrialdeetarako sarbidea hogeita hamar ixtea proposatu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Espainiako Estatuak, berriz, erabaki zuen bere mugetan kontrolak ezartzea, eta sarbidea soilik baimentzea Espainiako naziotasuna zutela egiaztatzen zuten herritarrei, edota lanera joateko muga zeharkatu behar dutenei. Itxita geratu zen, beraz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga.

Dagoeneko ageri ziren, bada, gerora oraindik eta gehiago areagotu zen zaintza krisiaren lehen zantzuak, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak jakinarazi zuen mahai tekniko bat osatuko zuela COVID 19-k larritutako zaintza krisiari heltzeko. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, euskal alderdi politiko nagusiei eta sindikatuei gonbidapena egin zieten mahai hartan parte hartzeko. Hain zuzen ere, mugimendu feministak krisi mahaia eratu zuela jakin zen egun berean hil zuten emakume bat Soraluzen (Gipuzkoa). Andreak 74 urte zituen, eta semea atxilotu egin zuten, ama hiltzea leporatuta.

Jendea larritua zen birusak eragindako egoera zela eta. Egoera bereziki larria zen Araban, han baitzegoen intzidentzia tasarik handiena. Jarduera ekonomikoa irekita mantentzea zen gobernuen helburua; ordea, enpresak banan-banan ixten hasi ziren, argudiatuta ez zutela aukerarik beren langileen osasuna bermatzeko. Gasteizko Mercedesek arratsaldean itxi zituen ateak, goizean langile batzordeko kideek eserialdia egin ondotik. Ordurako, Volkswagen itxita zegoen Nafarroan, eta baita CAF eta Irizar ere. Michelinek ere zortzi egunerako itxi zituen ateak. Petronorrek, aldiz, irekita jarraitu zuen.

Kulturaren egoera ez zen xamurragoa. Antzoki, kultur areto eta zinemak itxita zeuden ordurako, eta BERRIAk areto digital bat sortu zuen sortzaileen emanaldiak eskaintzeko. Jon Basaguren izan zen BERRIA aretoan parte hartzen lehena, eta gerora etorri ziren bertsolari, musikari eta bertzelako hainbat diziplinatako artistak. Telebistan ere hainbat saio bertan behera utzi behar izan zituzten pandemia zela eta. 

Astelehenaren biharamuna

Asteartean, astelehenean bezala, koronabirusa izan zen eguneko gai nagusia. Ordurako, koronabirusak blaitua zuen dena, eta kirol gertaera handiak ere bertan behera uzten hasi ziren. Eurokopa atzeratzea erabaki zuten, halaber, UEFAk, herrialdeetako federazioek, eta jokalarien sindikatuek. Olinpiar Jokoak aurrera eramateko aukerarik izanen ote zen zalantza handiak zeuden ordurako, eta, azkenean urtebete atzeratu bazituzten ere, gaur egun oraindik ikusteko dago azkenean egiterik izanen ote diren.

Asteartean hutsik ziren karrikak, eta lehenengo auto ilarak sortu ziren Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian. Horrekin batera etorri ziren konfinamendua hausteagatik ezarritako lehen isunak ere. Iruñean, erraterako, egun bakarrean hamalau salaketa paratu zituzten, konfinamendua haustea egotzita. Unibertsitatera sartzeko hautaproba ere atzeratu egin zuten. Ekainaren 19an zen egitekoa, eta ez zuten erran noiz egingo zuten. 

Egoera pixkanaka baretzen hasi zen supermerkatuetan, eta, aitzineko egunetan jendea etenik gabe komuneko papera erosten ibili ondotik, berriz ere supermerkatuetako apalak beteta ageri ziren.

Koronabirusa bihurtu zen gai bakan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.