Hauteskundeak

Eusko Legebiltzarrerako bozak atzeratu dituzte Urkulluk eta alderdiek

EAJ, EH Bildu, EP, PSE, PP eta Equoko ordezkariekin bildu da Urkullu. Ohar bateratu bat atera dute. Adostu dute EAEko osasun larrialdia amaitutzat jo ondoren egingo direla.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta taldeetako ordezkariak, gaur, Gasteizen, Lehendakaritzan.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 16a
12:21
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzea erabaki dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta bozetara aurkeztutako hautagaitza nagusien ordezkariek, koronabirusaren krisia dela-eta iritzita ez dagoela botoa emateko modurik osasun eta sufragiorako eskubide aldetik. Goizean egindako bilera batean adostu dute neurria, eta, haien arabera, EAEko osasun larrialdia amaitutzat eman ondoren egin behar dira bozak, ahal den azkarren. Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarria izateaz gain —ez du epe jakinik—, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarria du; hark bi astekoa eman du, baina Jose Luis Abalos Mugikortasun ministroak adierazi du «argi» dagoela «luzatu» egin beharko dela egoera hori.

Urkulluk arratsaldean egindako agerraldi batean esan du bi «oinarri juridikoak» izan dituztela ardatz hauteskundeak atzeratzeko erabakia hartzeko: Jaurlaritzako Osasun Sailaren txosten bat eta zerbitzu juridikoen beste bat. Aldiz, joan den astean zioen Espainiako Hauteskunde Batzordeari zegokiola bozen atzerapena deliberatzea. Azaldu du bilerako partaideek nahiago izan dutela LOREG hauteskundeen lege organikoa aldatzen hastea baino «bertako tresnak» erabiltzea. Halaber, esan du osasun larrialdia amaitzean alderdiekin adostu beharko duela noiz egingo diren bozak eta kanpainak zenbat iraungo duen.

Lehendakaria eta talde politikoak 10:00etatik aurrera bildu dira, Gasteizen, Lehendakaritzan. Bozak egin daitezkeen aztertu dute, eta, atzeratzekotan, zer formula erabili ahal duten. Lehendakariaren dekretu baten bidez utziko dute bertan behera apirilaren 5eko boz deialdia. Bileran egon dira, taldez talde, Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJkoak, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi EH Bildukoak, Miren Gorrotxategi EP Elkarrekin Podemosekoa, Idoia Mendia PSE-EEkoa, Amaya Fernandez PPkoa —C's-ekin koalizioan doa PP—, eta Jose Ramon Becerra eta Edurne Baranda Equokoak. Voxeko inor ez da joan.

Ohar bateratu bat atera dute ondoren, akordioen berri emateko. «Osasun Larrialdiaren Adierazpenarekin eta Alarma Egoeran ezingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin, ez osasun publikorako, ezta botoa emateko eskubidea baliatzeko behar diren bermeekin ere», dio lehen puntuak. «Ondorioz, indargabetuta geratuko da, lehendakariaren dekretu bidez, datorren apirilaren 5eko hauteskundeetarako deialdia. Erabaki hori hauteskunde kanpaina hasi baino lehen —osteguneko 24:00ak baino lehen— hartu eta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia Osasun Larrialdiaren Adierazpena kendu ondoren aktibatuko da. Berehala egingo da, alderdi politikoei entzun ondoren, eta lehendakariaren dekretu bidez».p>

Urkulluk arratsaldean adierazi du neurriaz informatu dituela EAEko Hauteskunde Batzordeko buru Juan Luis Ibarra eta Eusko Legebiltzarreko jarduneko presidente Bakartxo Tejeria.

Urkullu: «Biziki eskertzen dut alderdien jarrera»

«Biziki eskertzen dut euskal alderdiek erakutsitako jarrera», esan du Jaurlaritzako lehendakariak, eta uste du haien «konpromisoaren eta sendotasunaren» seinale dela erabakia. Nabarmendu du hautua aho batez hartu dela eta akordioak «gizarteari lasaitasun eta segurtasun mezua» ematen diola. «Noraeza izan zitekeen hori argitu egin dugu».

Lehendakariak adierazi du ez dagoela Jaurlaritzako sailbururik koronabirusak jota, berak dakiela.

Taldeen ustez, «zentzuzko» neurria

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen esanetan, «zorionekoa» izan da eragileek «aho batez» lortutako adostasuna, eta nabarmendu du orain lehentasuna dela pandemia borrokatzea eta gainditzea. «Gero etorriko da unea hauteskundeak berme osoekin egiteko».

EH Bildu bozak orain egitearen kontra azaldu da azkeneko egunetan. «Duela astebete esan genuen hauteskunde kanpaina eta hauteskundeak bertan behera geratu behar zirela», idatzi du Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gaur, txio batean. «Gaur Lehendakaritzan egindako bileran, atzeratu dira. Lehentasun bakarra osasun publikoa da. Erabaki zorrotzagoak hartu beharko lirateke». Proposamen batzuk egin ditu taldeak: erabateko konfinamendua; 150 euroko laguntza kalteberatasun egoeran dauden familientzat; testa egitea arnas infekzio baten sintomak dituzten pertsona guztiei; eta adinekoentzako egoitza zentroetan arreta zuzeneko langileen kopurua handitzea berehala. Bestetik, EH Bilduk dio Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra tresna bat izan behar dela jarduneko gobernua kontrolatzeko eta harekin lankidetzan aritzeko. 

Elkarrekin Podemosen arabera, bozak atzeratzea «zentzuzkoena» da. «Izan ere, agerikoa da kanpaina ezingo dela normal egin, eta baliteke hauteskunde egunean zailtasunak egotea segurtasun protokoloak betetzeko, eta kutsatzeko arriskua areagotzea horrela», nabarmendu du koalizioak, ohar batean. EPren ustez, gainera, hauteskundeak «osasun krisi baten testuinguruan» egiteak abstentzioa handitzea ekar lezake. Adibidetzat jarri du Frantziako Estatuan gertatutakoa: igandean egindako herriko bozen lehen itzulian %56koa izan zen abstentzioa. «Horrek emaitzen zilegitasuna baldintzatzen du».

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du «batasunerako eta elkarlanerako» garaia dela, eta, hala, lehendakariak eta alderdiek gaur «herri akordioa» erdietsi dutela. «Euskadiko instituzioek Espainiako Gobernuarekin lan egingo dute, euskal herritarren onerako».  

Amaya Fernandez EAEko PPko presidenteak ere nabarmendu du denak ados jarri izana hauteskundeak atzeratzeaz. «Orain albo batera utzi behar dira mugei eta eskumenei buruzko eztabaidak. Bizitzak salbatzeko unea da», idatzi du Twitterren.

Atzo Urkulluk esan zuen atzeratzeko erabakiak «bermea» izan behar duela, eta «erabateko adostasunez» hartu behar dela. Jaurlaritzako lehendakariak joan den otsailaren 10ean iragarri zuen bozak aurreratuko zituela, eta adierazi erabaki horrek mesede egingo ziola «euskal gizarteari». Datorren ostegunean zen kanpaina hastekoa.

Galizian ere bozak atzeratzeko akordioa

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidenteak eta hango talde politikoek ere akordioa lortu dute apirilaren 5erako deituta dauden hauteskundeak atzeratzeko. Bideokonferentzia bidez egin dute bilera Feijook, PPk, PSGk, En Común-Anova-Mareasek, BNGk eta C's-k, gaur goizean. Feijook bihar dekretu bat sinatuko du apirileko deialdia indargabetzeko.

Galiziako presidentea eta Urkullu harremanetan daude duela aste batzuetatik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.