Bidasoa igerian pasatu duen migrante bat lagundu dute Hendaian

Arrantzale batzuek lagundu zuten lehorreratzen, joan den larunbatean. Hautetsiei dei egin diete. «Drama bat gertatuko da»

Bidasoa ibaia. JAGOA MANTEROLA, FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 17a
17:58
Entzun

Hendaiako (Lapurdi) arrantzale batzuek Bidasoa ibaia zeharkatzen ari zen migrante bat lagundu zuten joan den larunbatean. Tom Robin Duboisek kontatu du, Ipar Euskal Herriko hautetsiei idatzi dien gutun ireki batean: «Mugan diren kontrol iraunkor eta sendotuen ondorioz, Irundik datozen migrante anitzek Bidasoa ibaia igerian zeharkatzeko arriskua hartzen dute Frantziara iristeko. Egoera honek drama bat ekarriko du», abisatu ditu.

Martxoaren 13an, larunbatean, goizeko 8:30 eta 9:00 artean arrantzan ari ziren, ohi bezala, Dubois-Robin eta haren lagunak. Halako batean, migrante bat ikusi zuten, igerian, zailtasunetan. Lehorreratzen lagundu zuten. Migrantea hoztua zegoela kontatu du; «bizi hobe baten bila, itotzeko arriskua hartu du». Jantziak idortu zizkioten, eta jaten eman zioten ondoan duten petanka klubean. Gerora, bere baitarik joan zen migrantea; ez dakite nora. «Ez genekien norengana jo. Badakigu Poliziarekin zaila dela», kontatu du Dubois Robinek.

«Zoritxarreko» gertakari bat dela dio, baina ez da harritua. «Bada denbora bat ikusten ditugula. Bidasoa berez ez da oso arriskutsua, baina korronteak badira, eta anitzek ez dakite igerian», azaldu du. «Dramatikoa da».

Hedabideen bidez, gutun ireki bat helarazi nahi izan die Ipar Euskal Herriko hautetsiei, gertatua kontatu eta neurriak har ditzaten. «Alde humanoa azpimarratu nahi dut. Gure betebeharra da arriskuan dagoen edonori laguntzea. Norbaitek zerbait egin dezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.