'Haur motxiladunen' eskubideen alde mobilizazioak egingo dituzte larunbatean

Iratirentzako, beste 'haur motxiladunentzako' eta haien gurasoentzako aukerak proposatu ditu Irati Gurasoekin taldeak. Zoriontasunaren Nazioarteko Egunerako mobilizazioak antolatu dituzte hainbat herritan, 12:00etan.

Irati Gurasoekin taldekoen prentsaurrekoa gaur, Bilboko Areatza plazan. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko martxoaren 18a
13:20
Entzun

Haur motxiladunen egoera salatu eta eskubideak defendatzeko mobilizazioak antolatu dituzte Hego Eukal Herriko hainbat udalerritan larunbatean, Zoriontasunaren Nazioarteko Egunean. 12:00etarako deitu dute elkarretaratzeetara, Plazak bete, motxilak hustu lemapean. Hainbat herritan antolatu badira ere, Bilbon izango da mobilizazio nagusia. Euskalduna Jauregian egingo dute agerraldia, eta bertan hainbat ordezkari politiko, sindikal eta sozial bilduko dira. Ondoren, ekitaldi bat egongo da, Porrotx pailazoarekin, ipuin kontalariekin eta haur motxiladunekin.

Gurasoengandik banatu zuten

Bea Etxebarria eta Iñaki Zapirain presoen alaba da Irati. Hiru urte bete zituen umeak martxoaren 8an, eta gurasoengandik banatu zuten espetxe legediak arautzen duen bezala. Etxebarria eta Zapirain Kantabriara hurbilduko zituztela iragarri zuten joan den astean, baina, Irati Gurasoekin taldekoek adierazi dutenez, oraindik ez da hurbilketarako pausorik eman: «Litekeena da asteak edo hilabeteak pasatzea», zehaztu du Julen Orbea Irati Gurasoekin taldeko kideak. Hurbilduko dituzte, baina ez da nahikoa dinamikako kideentzat: «Iratik oraindik bidaia luzeei egin beharko die aurre gurasoak ikusi ahal izateko».

Iratirena ez da kasu bakarra, ordea: «Honelako iragarpenak jasotzeko irrikaz daude familia asko, hainbat haur motxiladunek urte bete daramate gurasoak besarkatu gabe», argitu du Orbeak. Egoera hori «larria» dela deritzo taldeak; horregatik, salaketa egiteaz gain «zama arintzeko bideak» daudela adierazi dute: «Guraso diren presoen Euskal Herriratzea, euskal espetxeetan familia moduluak ezartzea edo zaintzapeko etxeak eskaintzea». Aukera horiek «egingarriak» direla adierazi du taldeak, baina posible egiteko «borondatea» behar dela azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.