Albistea entzun

Hezkuntza

Gurutze Gorriko auzoko eskolara joan daiteke Ziburuko ikastola

Berrogeita hamar ikaslera heldurik, gune handi baten beharretan da Kaskarotenea ikastola. Gurutze Gorriko eskolako egoitzara joanez gela aski eta jantegia balituzke.

Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza -

2021eko martxoak 22

Urrun dira duela zazpi urte herriko etxearekin izan ziren kalapitak. Bederatzi urte ditu Ziburuko Kaskarotenea ikastolak, 50 ikasle, bosgarren urtea ireki berria, eta, jadaneko, leku handiago baten beharretan da. Herriko etxe berriarekin aterabide bat atzemana du, Seaska federazioak erosi zuen lurreko gunea utzi eta Gurutze Gorriko auzoko eskola publikoaren barneetara joateko.

Urte zaila izan zuen 2014koa Kaskarotenea ikastolak. Hasi berria zen, eta, aitzineko udalak eskola publikoa behin-behinean erabiltzea onartu ondoan, kanporatzea deliberatu zuen ikasturte hastapenean. Haurrentzat beste aterabiderik ez izanez, lekuan berean egotea erabaki zuen ikastolak, baina udalak auzitan ezarri zuen, eta «okupazio egun bakoitzeko» isuna pagatzera zigortu zuen auzitegiak. Guy Poulou orduko auzapeza ikastolari elektrika eteteraino joan zen. Ateka gaitz horretarik jalgitzeko, Seaskak jabe pribatu batekin adosturik lur baten erostea erabaki zuen, elkartasun kanpaina zabal bat dela medio 300.000 euroan eskuratu zuena. 2016ko apirilaren 9an estreinatu zuten ofizialki ikastola berria, eta, geroztik, lur horretan plantan eman prefabrikatuetan ari da.

Gaur egun, 50 ikaslera heldua da Kaskarotenea, eta hiru irakasle postu eta laurden ditu. Garapen bat izan du, argiki, azken sei urte horietan. «Lehendabiziko urteetan, nahiko toki bagenuen, eta bizi normal batera itzuli ginen», esplikatu du Kaskarotenea ikastolako gaur egungo lehendakari Xabi Bizkaik. Haur andana laster goiti joan da, eta «azken bizpahiru urteetan nahiko tinko ibili» direla aitortu du.

Bederen gela bat gehiagoren beharra lukete, baita pausa gela batena ere. Gehiago dena, jantegia ikastolatik kanpo dute. «Ikastolatik 200 metrora den lokal bat alokatu behar dugu jantegiarendako, eta eguerdiro haurrak harat eraman, eta ikastolarat berritz ekarri. Ez da biziki praktikoa».

Joan den urteko herriko etxeetako bozen kanpainan Ziburuko hautagai zerrenden itzulia egin zuen ikastolak, egoeraren berri emateko. «Galdegin genien sekula hautatuak baziren zein izanen zituzten aterabideak. Denek erantzun zuten, salbu herriko etxe ohikoek». Eneko Aldana auzapez berriaren zerrendarekin adostu zutena bestelakotu da geroztik, eta Gurutze Gorriko auzoko eskola publikoaren egoitzara joatea aurreikusi dute. «Jakinez eskola publikoak batzeko proiektua badela iraileko, guk errekuperatuko genuke Gurutze Gorriko eskola; auzo erdi-erdian dena. Guretzat berri biziki ona da», esplikatu du Bizkaik. Partikularki toki nasaia badelako han denen egiteko. «Gelarik aski badela segur da, eta tresnatua da, jadaneko: jantegia badu. Aterpea eta kirola egiteko lekua ere bai».

Bereziki ama eskolaren antolatzeko egokitze lan batzuk balituzkete egiteko, herriko etxearekin aipatzekoak dituztenak.

Lur prezioen meneko

Egoitza handiagoan izanez, azken urteetako emendatze dinamikak segituko duelako esperantza du Kaskarotenea ikastolako lehendakariak: «Jakinez aurten bosgarren eta azken urtea ireki dugula, orain ikastola osoa dugu ama eskolatik bosgarren urtera». Nahiz argi duen Ziburun haurren zenbatekoa apalduz doala, besteak beste, bertan bizitzea zaila bilakatu delako lurraren prezioa dela kausa.

«Guk emendatze hori izan dugu ikastolan, baina erran behar da eskola publikoetan haur andana bat galdu dutela, denek ezagutzen dugun etxebizitzen egoerarengatik», dio Bizkaik. Eskola publikoetan ageriagoa dena ikastolan ere ikusi dutela erran du: «Ikastolan ere ikasle batzuk galdu ditugu, burasoek Sarara, Hendaiara, Azkainera joan behar izan baitute Ziburun berean ez baitzuten atzematen prezio apalagoetan ez alokatzeko, ez erosteko etxebizitzarik». Herriko etxe berriak bizitegi sozialen egiteko dituen xedeek, menturaz, joera alda dezaketela hautematen du Bizkaik; familien etortzea ahalbidetzeko gisan.

Ziburuko ikastolako arduradunek ez dakite zuzen —gauzak pentsatu bezala gertatzen badira— noiz sartzen ahalko diren gune berrian. Datorren iraileko sartzean ez bada, heldu den urtarrilean izan daiteke, baina ez dute segurtamenik oraino. Eskola publikoen bateratzeko obrek dute lehentasuna.

Goizegi da errateko, bestalde, Seaskak Kaskarotenearentzat erosi zuen lurra zer bilakatuko den. Lekuan berean egonen da oraino zenbait hilabetez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Muxikan (Bizkaia), Undabaso eremuanlandatzen ari diren sailetako batzuk. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Zerbait gertatzen ari da Undabason

Igor Susaeta

Tokiko ekosistemak eta bioaniztasuna leheneratzeko asmoarekin, Lurgaia fundazioak helburu du Urdaibaiko biosfera erreserbako harizti mistorik handiena sortzea. Dozena bat urteko lanaren ondoren, jada 163 hektarea kudeatzen ditu Muxikan, 'Undabaso' deitu dioten gunean. Hasiak dira eremu horretan prozesu ekologiko batzuk antzematen.
Itsasondo. ©Ariane Vierbücher

Lurra, interes publikoaren mesedetan

I. Susaeta

Itsasondoko Udala duela dozena bat urte hasi zen lursailak erosten. Alkatearen esanetan, «herritarrek erabiltzeko moduko mendiak» nahi dituzte. Etorkizunean lurrak izango duen garrantziaz ohartarazi du.
Guardia Zibila, kanpaldia egiten ari zirenengana gerturatzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kanpaldia egiten segitu nahi dute Aroztegiko proiektua gelditu arte

Irati Urdalleta Lete

Guardia Zibila hiru aldiz agertu da. Lekarozen elkarretaratzea egin dute, 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelaia eraikitzeko proiektua gelditzeko
Anbulantziak, Donostia ospitaleko larrialdietarako sarreran. ©GORKA RUBIO / FOKU

Ospitaleetako presioak ez du etenik, positiboen hazkundea apaldu arren

Ion Orzaiz

116 pertsona erietxeratu dituzte COVID-19ak jota, eta 182 gaixo larri daude ZIUetan. 985 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa %7,9 da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.