'Testigantza konfinatuak' dokumentala

«Hemen gertatu dena ezin da kontatu ere egin»

Testigantza konfinatuak, konfinamenduaren ertzetan deituriko ikus-entzunezko berezi bat egin du BERRIAk, eta konfinamenduan bereziki gaizki pasatu zuten hainbat pertsona eta familiaren testigantza ugariak biltzen ditu. Ia 20 minutu irauten du, eta lau ataletan banatuta dago.

Berria TB
2021eko martxoaren 26a
10:51
Entzun

Autismoa duen haur bat, ama izan den emakume bat, etxealdia bakarrik pasatu duen adindu bat eta anbulantzia batean eta ZIU batean lanean aritu zen mediku bat. Konfinatzeko arauak denentzat berdinak izan arren, etxe edo bizilagun adina konfinamendu daude, eta, iazko etxealdiaren urteurrenean, neurri horrek bereziki gogor jo zituen zenbait lagunengana jo du BERRIAk Testigantza konfinatuak, konfinamenduaren ertzetan dokumentala ekoizteko. Zaurgarrien suertatu ziren errealitateak bildu ditu, pandemiaren kantoietan gordetzen diren kontakizun horien bozgorailu izateko. Ia 20 minutu irauten du ikus-entzunezkoak, eta lau testigantza pertsonal biltzen ditu, laurak atalez atal banatuak.

Luken Orbegozoren eta Nekane Zalbideren testigantza da lehena. Gaztetxo autista bat da Luken, eta haren ama da Zalbide. Euskal Herriko biztanle guztien antzera, konfinatuta egon ziren martxoaren erdialdeaz geroztik, baina haien egunerokoa ez zen izan beste askorena bezain eramangarri. Zalbideren hitzetan, «emozionalki oso gogorra» izan zen: «Ume autismodunek behar dute beren bizitza egituratuta edukitze hori... Eta, bat-batean, horrelako eten bat gertatu zenean, harentzat flash moduko bat izan zen».

Samara Velterena da bigarren lekukotza. Velte haurdunaldi betean harrapatu zuen konfinamenduak, eta lehen aldiz esperientzia hori etxean sartuta bizitzeak zer-nolako albo kalteak eragin zizkion kontatu du. Transmisio bertikalarena izan zuen lehen kezka: «Lehen aldiz haurdun zaudenean, galdera pila bat duzu, zure gorputzean gauza arraro asko gertatzen direlako, eta, gainera, lehenengo kezka zen transmisio bertikala deitzen den hori gertatzen ote zen edo ez». Gerora argitu bazen ere, beste galdera eta kezka andana ere izan zuen, eta antsietatez beteriko uneak ere bizi izan zituen.

Hirugarren testigantza Bittori Ugarterena da: 80 urte bete zituen, konfinamenduan zegoela, eta bakarrik pasatu zituen neurri hori indarrean egon zen egun guztiak. Bakarrik sentitu zela aitortu du, baina halakoetan sakelakoa hartu eta familiakoekin hitz egiten zuela, bakardade horri aurre egin eta gertukoen samurtasuna sentitzeko. Hain justu ere, bideo dei baten bitartez kontatu du konfinamenduan bizi izan zuena, bere biloba Nora Yugerosekin elkarrizketa informal bat eginda. Beren kontuez hitz egin dute, konfinamenduari eta eragin duenari ere hainbat aipamen eginez.

Azken lekukotza konfinamendu garaian lanean egon zen batengandik dator. Ruth Salaberriarena da testigantza, eta, larrialdiko deiak jasotzen ez ezik, anbulantzietako mediku gisa eta ZIUko mediku gisa ere lan egin du pandemiaz geroztik. Koronabirusaren gaitza ere pasatu du, eta hilabete pasatxo egon zen konfinatuta, sintoma guztiekin. Lanari dagokionez, oso gogorra izan dela azpimarratu du: «Hemen gertatu dena ezin da kontatu ere egin; familiek izugarri gaizki pasatu dute, eta, profesional gisa, hori izan da guretzat gogorrena».

Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.