400dik gorako tasa duten herriak itxiko ditu Jaurlaritzak

Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiago izan dituzten herri eta lurraldeetan itxiera perimetrala ezarriko dute. Tabernen eta jatetxeen barrualdean egoteko ordutegiak mugatuko dituzte leku horietan: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bakarrik egongo dira zabalik.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburua, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Labiren bilera batean. DAVID AGUILAR / EFE
Andoni Imaz.
2021eko martxoaren 26a
17:12
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak deituta, Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordeak (Labi) bilera bat egin du gaur arratsaldean, eta atzo zabaldu zen informazioa berretsi du Urkulluk berak bileraren ondoren egindako agerraldian: zenbait neurri zorroztuko dituzte datorren astelehenetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Besteak beste, itxiera perimetrala ezarriko dute azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herri eta lurraldeetan, eta are gehiago murriztuko dituzte toki itxietako ordutegiak. Bihar erabakiko dute zer herriri eragingo dien neurri horiek oraingoz, eta astero eguneratuko dute zerrenda.

Eusko Jaurlaritzak gaur eman dituen datuen arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute muga hori gainditzen, nahiz eta Arabak 300dik gorako tasa duen: 322,8koa, hain zuzen; Bizkaiak 243,6koa du, eta Gipuzkoak, 229,4koa. Zenbait herriri eragingo lieke, ordea, neurri horrek: Beasain (813), Elorrio (751,9), Ermua (699,2), Lazkao (1.154,1), Muskiz (441,2), Ondarroa (548,6) eta Ordizia (883,8) itxiko lituzkete, gaurko datuen arabera. Izan ere, atzo aditzera eman zuten 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herriak itxiko dituztela soilik; gaur, Urkulluk ez du horri buruzko ezer esan. Dena dela, bihar jakinaraziko dute zer herritan ezarriko dituzten neurri murriztaileak, eta, aurrerantzean, astelehenero eguneratuko dute zerrenda hori. Aste Santuan aldaketa bat izango da, apirilaren 5a jaieguna da-eta: asteartean eguneratuko dute zerrenda, apirilaren 6an, eta biharamunean sartuko dira neurriak indarrean.

Salbuespen bat izango da turismorako: ostatu, hotel edo jatetxeren batean erreserba gaur baino lehen egin duten herritarrek aukera izango dute leku horretara mugitzeko apirilaren 1etik 11ra, baita leku hori itxitako herriren batean badago ere. Turismoaren sektoreari laguntzeko asmoz hartu dute neurri hori, lehendakariaren esanetan. «Erreserba egina dutenek aukera izango dute joateko, baina hor dago gutako bakoitzaren erantzukizuna, joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko eskatu baitugu», ohartarazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

400dik gorako tasa duten herrietan neurri murriztaileagoak ezarriko dizkiote ostalaritzari: tabernen eta jatetxeen barnealdean egoteko ordutegiak murriztuko dituzte. Bi tarte izango dira egunean: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Gainontzean, terrazak zabalik izango dira, baina ezingo da barruan egon. Apustu etxeek ere bete beharko dituzte tarte horiek; haiek, gainera, barrualdean soilik eman ahal izango dute ostalaritza zerbitzua.

Herri horietako biztanleek aukera izango dute ondoko herrietara joateko erosketak egitera, baita aire zabalean kirola egitera ere. Herrian bertan, mugak izango dituzte kirol jardueretan: barrualdeetan, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu; profesionalek eta federatuek ez dute muga hori izango. Gainera, itxi egingo dituzte kiroldegietako aldagelak eta dutxak. Piszinetan, %35eko edukiera ezarriko dute, eta dutxak banaka erabili beharko dira.

Gainera, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek osatzen duten kontseiluak ebatzi du eremu pribatuetan bizikideez osatutako taldeak bakarrik elkartu ahal izango direla gaurtik apirilaren 9ra.

Azken egunetan, Eusko Jaurlaritzako agintariek adierazi dute ez zegoela arrazoirik Labiren aholku batzordea elkartzeko, eta bere horretan utziko zituztela neurri murriztaileak Aste Santurako. Hala ere, datuak nabarmen okerrera egiten ari direla ikusita, atzera egin du Urkulluk. Gaur, azken sei asteetako kasu gehien atzeman dute Hego Euskal Herrian: 809. Bizkaian, 293; Nafarroan, 205; Gipuzkoan, 199, eta Araban, 104.

Urkulluk azaldu duenez, honako arrazoi hauek daude neurriak estutzeko erabakiaren atzean: transmisioa areagotu egin dela, ospitaleetako karga handitu egin dela eta Erresuma Batuko aldaera hedatzen ari dela. Azken hori da gobernuaren kezka nagusia, haren hitzetan, ondorio larriagoak dituelako gaixoengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.