Tortura

Espainiako Gobernuak ez dizkio dominak kenduko Galindori

EH Bilduri idatziz emaniko erantzunean argudiatu dutenez, dominak kentzekotan, legea aldatu beharko litzateke.

Galindo, Donostiako auztegitik ateratzen, Intxaurrondoko narkotrafiko sarearen inguruko epaiketaren saio baten ondoren, 2002ko ekainaren 12an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 29a
12:16
Entzun

Espainiako Gobernuari otsailaren 15ean egin zion galdera ofiziala Jon Iñarritu EH Bilduk Kongresuan duen diputatuak. «Antonio Gonzalez Pacheco torturatzailea, Billy el Niño ezizenarekin ezagunagoa, hil ondoren, Gobernuak iragarri zuen hari emandako domina guztiak kenduko zizkiotela», idatzi zuen diputatuak galdera egiterakoan. «Horregatik jakin nahi dut: kenduko al dizkio Gobernuak dominak Enrique Rodriguez Galindori hil ostean?».

Gaur argitaratu du Iñarrituk jasotako erantzuna. Martxoaren 23ko data du Espainiako Gobernuaren agiriak. Horren arabera, dominak 5/1964 eta 19/1976 legeen arabera eman zizkioten Galindori. «Lege horiek ez dute dominak kentzeko prozedurarik. Beraz, lege erreforma beharko litzateke, diputatuek eztabaidatu eta onartu beharrekoa».

Iñarrituk salatu duenez, erantzunak adieraziko luke Espainiako Gobernuak ez dizkiola kenduko Galindori emandako dominak. «Billy el Niño hil zenean, arin atera ziren kenduko zizkiotela iragartzera (eta oraindik ez dute egin). Galindo hil zenean, ez zuten deus esan. Iritziz aldatu dute?», galdetu du diputatuak.

Otsailaren 13an hil zen Galindo, koronabirusak jota, Zaragozan (Espainia). Intxaurrondoko kuarteleko burua izan zen 1988. urtetik aurrera, baina 1980tik zegoen han, bigarren bezala. Mikel Zabalza 1985. urtean desagerrarazi zuten.

1981eko urtarrilaren 7an, Guardia Zibilaren bereizgarri zuriko gurutzea eman zioten, baina hiru urte eta erdi geroago heldu zitzaion sari handiagoa: bereizgarri gorriko gurutzea. 1984ko urrian saritu zuen Felipe Gonzalezen gobernuak, Lasaren eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketatik urtebetera, eta kolorea ez zen dominaren bereizgarri bakarra: preziatuagoa da gorria, besteak beste, bizi guztirako pentsioa ziurtatzen dielako. Lau bider eman diote ikur hori; guztira, hogei domina.

Lasa eta Zabala auzian 75 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina lau urte eta lau hilabete inguru egin zituen espetxean.

Iñarrituk galderan aipaturiko Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia frankista iazko maiatzaren zazpian hil zen, hura ere koronabirusarekin. Francisco Francoren diktadura garaian sartu zen Espainiako Poliziara, eta Brigada Politiko-Sozialeko Roberto Conesa komisarioaren bigarrena izatera heldu zen. Atxilotuei eginiko torturengatik egin zen ezaguna. Horrek, ordea, ez zion eten ibilbidea; 1977. urtean, Rodolfo Martin Villa ministro frankistak poliziaren merituaren domina eman zion. Ohiko prozedura izan zen torturekin lotutako poliziak saritzea, ohorez eta diruz; haren ibilbide profesionalean lau domina eman zizkioten, eta horiek %50 handitu zioten pentsioa.

Iazko ekainean, Espainiako Kongresuak oniritzia eman zion Billy el Niñori dominak kentzeko aukerari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.