migrazioa

Errefuxiatuen kanpaleku gehiago eraikiko ditu Europako Batasunak Grezian

Batasunak 276 milioi euro bideratuko ditu kanpalekuetara. Turkiak EBren laguntza eskatu du Siriako errefuxiatuak euren herrialdera itzultzea errazteko.

Karatepe errefuxiatu kanpalekua, Lesbosen. VANGELIS PAPANTONIS / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 30a
12:57
Entzun

EB Europako Batasunak Greziara iristen diren migratzaileen kudeaketarako duen politika mantentzeko pausoak eman ditu. Horiek kontinentera mugitzetik urrun, errefuxiatuen kanpaleku gehiago eraikiko ditu Lesbos eta Quios uharteetan. Horiek Samos, Kos eta Leros irletan egiten ari direnei gehituko zaizkie. Horrez gain, Turkiari exijitu dio «berehala hasteko berriz ere migratzaileen itzultzeak onartzen».

Migratzaileen giza eskubideen aldeko erakundeen protesta artean, EBk eta Greziako Gobernuak proiektu berria defendatu dute. EBko Barne komisario Ylva Johanssonek adierazi duenez, Batasunak aurrez ezarritakoa baino 155 milioi euro gehiago bideratuko ditu kanpalekuak eraikitzera; denera, 276 milioi euro. Eta horien helburuetako bat izango da migratzaileak «europartzea».

Moriako kanpalekuan gertatutako ezbeharrari erreferentzia eginez, Notis Mitarakis Migrazio ministroak adierazi du halako zentroak eraikitzen jarraitzen dutela uste dutenak «nahastuta» daudela. Halere, kanpaleku berriak ere hesiz inguratuta egongo direla jakinarazi du, eta migratzaileek ordutegiak izango dituztela sartu eta atera ahal izateko. Horren arrazoia kanpalekuaren eta inguruko herritarren «segurtasuna» bermatzea da, Mitarakisen esanetan. «Mundu guztiaren pazientziak muga bat du», gehitu du Johanssonek, nabarmentzeko Egeoko irletako bizilagunena euren mugara iristen ari dela. 

Turkiari bideratutako mezu bat ere zabaldu du komisarioak. Orain, Greziatik herrialde hartara itzultzeko 1.540 lagun identifikatu dituztela azaldu du, eta horiek «lehenbailehen» hartzeko eskatu dio Ankarari. Mitarakisen arabera, Turkiatik Greziara iristen diren migratzaile gehienak «ez daude arriskuan» euren jatorrizko herrialdeetan, ezta Turkian ere —EBk herrialde seguru bezala onartzen du—. Itzultze horiek aurrera eramateko EBko estatu kideen elkarlana eta Frontex agentziaren laguntza ere eskatu ditu. 

Siria eztabaidagai

Turkiak, Libanorekin eta Jordaniarekin batera, Siriatik iristen diren errefuxiatuei bideratutako laguntzak handitzeko eskatu diote nazioarteari, horiek euren jatorrizko herrialdera itzultzen hasteko beharrezko baldintzak bermatzeko. EB Siriaren eta Eskualdearen Etorkizuna Babesteko bosgarren konferentzia egiten ari den bitartean egin dute eskaera. Bileraren helburua errefuxiatuei bideratutako diru funts bat osatzea da, Siriako gerra hasi zenetik hamar urte igaro direnean. Hala, gaur iluntzean emango dute dohaintzaren berri.

Turkiako Gobernuaren arabera, migrazioaren kudeaketa ezin da herrialde bakar baten esku utzi; are gutxiago, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean. Bide horretan, Bruselak Ankararekin eginiko migrazio akordioa berritu beharra nabarmendu du, Siriako herritarrak «euren herrialdera itzultzea» sustatzeko. 

Horretarako, ordea, bide luzea dago aurretik. Europako Batzordeko Krisi Kudeaketarako arduradun Janez Lenarcicek adierazi du Sirian bizi duten «elikatzeko segurtasunik eza» eta «laguntza humanitarioaren beharra» direla egun dauden arazo nagusiak: «Oinarrizko produktuen prezioa %236 igo da, eta herritarren %60ak ez du elikatzea ziurtatuta». Azken urtean okerrera egin duen egoera bat dela gaineratu du, osasun krisia medio. Hala, bi milioi inguru izango lirateke nazioarteko laguntza humanitarioaren beharra dutenak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.