ABERRI EGUNA

EAJk beharrezkotzat jo du «euskal nazio eraikuntzaren» estrategia bat osatzea

Ahal Dugu-k «jendearen bizitzan eragina duen edozein gairi buruz erabakitzeko eskubidea» defendatu du.

Mireia Zarate EAJko EBBko idazkaria. EAJ
jon olano
2021eko apirilaren 1a
13:03
Entzun

«Etorkizunari heltzeko», EAJk uste du «aberrigintzaren euskal estrategian sakondu» beharra dagoela, bi mailatan: «euskal nazio eraikuntzaren barne estrategia bat, euskal nazioa XXI. mendeko eskakizunen argitan sendotzeko», eta «kanpoko bat, erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazio progresiboa ezartzeko». Hala adierazi du Euzkadi Buru Batzarrak Aberri Egunaren harira argitaratutako manifestuan.

Aurtengo adierazpenean ere COVID-19aren izurriak hartu du testuaren parte esanguratsu bat, baina haren ondorioak autogobernua indartzeko beharrarekin lotu du EBBk: «pandemiak euskal komunitatearen berezko erakundetzearen balioa eta garrantzia ziurtatzera etorri da, halako egoera batek eskatzen duen osasun, ekonomia eta gizarte arloko erantzun eraginkorra bermatzeko». Izan ere, EAJren esanetan, «Euskadin zenbat eta gai gehiago erabaki, orduan eta egoera hobean» egongo da «etorkizun hobea eraikitzeko» eta euskal nazioa osatzen duten pertsonen «borondateari erarik egokienean erantzuteko».

«Nazioa, Euskal Aberria», ez da «kontzeptu politiko zehaztugabea» , EAJren arabrera: «Identitate kolektibo nazional baten adierazpena da, subiranotasun eskubide politikoak erabat aitortzea eskatzen duena, komunitate demokratiko, aurreratu, plural, sozialki berdinzale eta kohesionatu bat eraikitzen jarraitzeko, non pertsona bakoitzak bere bizi proiektua bakean eta askatasunean garatu ahal izango duen».

Jeltzaleek manifestuan adierazi dute «erabateko askatasuna lortzeko bidea latza eta gogorra» izango dela, baina egin daitekeela: «Buru argitasuna eskatzen digu hurrengo bihurgunetik harago dagoena ikusteko eta bidean aurkituko ditugun oztopoen edo arazoen aurrean eusteko». Eta, ildo horretan, dei egin dute Aberri Eguna «denok bat eginik» ospatzera, iritzita ez dela «ika-mika antzuekin tematzeko garaia, ezta bereizketa partidistarik egitekoa» ere: «Herri honetako hiritargoak gugandik espero ditu akordioak, errespetua eta eraikitzeko gaitasuna. Banatzen gaituena albo batean utzita, egin dezagun denon artean Euskal Herri sendo, aske, osasuntsu eta baketsua».

Ahal Duguren aldarria, publikotasuna

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k ere argitaratu du Aberri Egunari lotutako manifestua, nabarmenduz, «urtean behin» ospatu arren, «egunez egun» lantzen dutela, eta «Euskadiren subiranotasuna batez ere publikoa den guztiaren defentsa» egitea dela. Horren harira, uste du, «ikuspegi feminista eta ekologistatik, aberria birdefinitu» beharko litzatekeela, «eta berekin daraman tradizio paternalista, baztertzaile eta gerlaria kendu».

Adierazpenean, Ahal Dugu-k erabakitzeko eskubidea babestu du: «Eraikitzen jarraitzeko, printzipio demokratikoetatik abiatu behar dugu, bere heterogeneotasuna eta aniztasuna onartuz, hor baitago bere aberastasuna. Horregatik defendatzen dugu erabakitzeko eskubidea; jendearen bizitzan eragina duen edozein gairi buruz erabakitzeko eskubidea. Asko dago erabakitzeko, esan diezaguketenaren kontra».

Autogobernu gaitasunaz harago, ordea, hura kudeatzeko moduaz ere mintzatu da Ahal Dugu, eta galdetu du: «Zertarako balio digu dagozkigun eskumenak gure gain hartzeak, gero haien kudeaketa inbertsio funtsen jabe diren enpresa multinazionalei saltzen badiegu?». Horregatik, erantsi du «aberria defendatzeak zaintza zerbitzu publiko bat sortzea» dakarrela, «euskal herritarrei pandemiaren ondorio tragikoez urratu zaien oinarrizko eskubide bat bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.