Kutxa Bira

Ostiralean egingo diote harrera Kutxa Birari, Baionan

Astebetez aurreratu dute ekitaldia, Frantziako Gobernuak neurri murriztaileak zorroztu dituela eta. Ondoren, kutxak aurreikusitako bidea egingo du Euskal Herrian.

Iparra Hegoa elkartearen Kutxa Bira ekimenaren aurkezpena. Argazkian, Idoia Lopetegi eta Pello Aranzabal, Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatuko duen kutxa eskuetan. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko apirilaren 1a
13:32
Entzun

Barruan euskarari lotutako hainbat mezu izango dituen kutxa batek herriz herri ibilbide bat egitea. Horixe da Kutxa Bira ekinbidearen funtsa. Carmen de Patagonesen (Argentina) ekin zion martxoaren 20an ibilbideari, eta Euskal Herriko eta diasporako 70 bat herritatik igaroko da, maiatzaren 30ean Seguran (Gipuzkoa) amaitu arte. Kutxa gaur iritsi da Euskal Herrira, eta, lehen ekitaldia apirilaren 8an egiteko asmoa bazuten ere, Ipar Euskal Herrian ezarri berri dituzten neurri murriztaileek planak aldarazi dizkie. Izan ere, herritarren mugimenduak murriztuko dituzte hilaren 6tik aurrera.

Hala, bihar egingo dute datorren astean egin behar zuten ekitaldia, Baionan. «Hasieratik bagenekien ekimena egokitzeko arriskua bazela, eta hala gertatu bada ere, aitzina egitea erabaki dugu», adierazi du Iparra Hegoa elkarteak, antolatzaileak. Euskal Herrian egingo duten lehen ekitaldia izanik, mantendu nahi izan dute. Horren ondoren, aurreikusita zuen bidea egingo du kutxak, aurreikusitako egunetan.

Harrera 15:30ean egingo diote kutxari, Bernat Etxepare Lizeoan. Bi ikaslek agurra dantzatuko dute, eta ikasle batek Amets Arzallusek kutxarako idatzi zuen olerkia irakurriko du. Ondoren, ikusgarri bat egingo dute, dantza, bertso, kantu eta antzerkiarekin.

[youtube]https://youtu.be/Kl1n0twbHY8[/youtube]

Izan ere, kutxak, barruan, Amets Arzallus bertsolariaren Hitza da gure lurra mezua eramango du. «Hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra; hitza da gure lurra», adierazi du Arzallusek testuan, besteak beste. Kutxa gelditzen den herri guztietan irakurriko dute, eta herri bakoitzak bere mezua ere sartuko du, Aranzabalek azaldu duen gisan: «Nahi duguna da herri bakoitzak bere ametsak sartzea kutxa honetan». Kutxari ongi etorria emateko, beste ekitaldi batzuk ere antolatuko dituzte herrietan.

Behin egiteko asmoa

Iparra Hegoa elkarteak 26 urte daramatza euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizten eta sendotzen. Hala ere, antolatzaileek argi dute Kutxa Birak ez duela urteetan iraungo: «Datorren urtean gure ohiko formatura itzultzea da helburua; izan ere, gure herria oso aberatsa da festa eredu propioa duten ekitaldiak antolatzen, eta ez dugu beste baten beharrik ikusten». Hortaz, osasun krisiak eragindako egoerari erantzuteko sortu den egitasmo bat da: «Ez dugu errepikatzeko asmorik».

Urterik urte haziz joan da Iparra Hegoa elkarteak antolatzen duen ekitaldi kulturala. Izan ere, oihartzun nagusia Segurako Euskal Asteak hartu badu ere, lurralde osoko euskaldunen eta elkarteen arteko harremanak saretzen aritu dira Iparra Hegoa elkarteko kideak. Horrez gainera, azken urteetan Baionako Bernat Etxepareko ikasleak ere bete-betean murgildu dira elkartearen dinamikan. «Egun-pasa gisa abiatu zen ekitaldi kultural hak ia bi hilabete iraun zuen duela bi urte. Indarra hartzen ari gara, eta hori oso aberasgarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.