AEB-ak

Transexual adingabeentzako tratamenduak debekatu ditu Arkansasek

Neurri hori onartu duen AEBetako lehen estatua da. Osasun zerbitzuetako langileek eta transexualen komunitateak gogor salatu dute erabakia.

LGTBQ komunitatearen aurkako erasoak salatzeko protesta bat, Washingtonen (AEB). JIM LO SCALZO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 7a
11:30
Entzun

Udan sartuko da indarrean Arkansasko Kongresuak onartutako neurria, zeinaren arabera 18 urte baino gutxiagoko gazte transexualek ezin izango baitute sexua eraldatzeko tratamendurik jaso, ez eta ebakuntzarik egin ere. Osasun alorreko langileek eta transexualen komunitateak gogor kritikatu dute neurria, eta Asa Hutchinson gobernadore errepublikanoa bera hura atzera botatzen ahalegindu zen, joan den astelehenean. Kongresuan gehiengoa duen Alderdi Errepublikanoak, ordea, babestu egin zuen atzo proposamena, argudiatuz gazteek «18 urte beteak behar dituztela halako erabakiak hartzeko», eta horiek alkohola edateko gutxieneko adinarekin alderatu dituzte.

Neurriaren aurka egiterakoan, Hutchinsonek azaldu zuen proposamena «urrunegi joatea» litzatekeela gurasoena eta medikuena behar lukeen alorrean, eta gaineratu dagoeneko tratamendua jasotzen ari diren gazteen osasuna arriskuan jar zezakeela. Izan ere, AEBetan legezkoak dira halako tratamenduak adin txikikoen artean.

Lege proposamena uztailean sartuko litzateke indarrean, baina ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak iragarri du helegite bat jarriko duela prozedura eteteko. Dena den, ez da hau transexualen aurka hartzen duten lehen neurria. Duela aste batzuk, Hutchinson gobernadoreak berak berretsi zuen lege bat zeinak debekatu egiten zien emakume eta neska transexualei emakumeentzako lehiaketetan parte hartzea. Neurri bera dago indarrean Tennesseen eta Mississippin ere, urte hasieratik.

Bestalde, gaur iragarri dutenez, beste lege proposamen bat ere abian da dagoeneko Arkansasen, zeinak debekatu egingo liekeen ikastetxeei gazteek aukeratutako sexua erabiltzea haiek izendatzeko. LGTBQ komunitatearen eskubideen alde lan egiten duen Giza Eskubideen Kanpaina erakundeak jasotako datuen arabera, AEBetan ehun lege baino gehiago onartu dituzte azken hilabeteetan transexualen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.