Myanmar

Myanmarko «gobernu legitimoak» eskubide urraketen 180.000 froga aurkeztu dizkio NBEri

540 hilketa kasu eraman dituzte, eta, horiez gain, atxiloketak, torturak eta bestelako jazarpen kasuak ere aurkeztu dizkiete nazioarteko erakundearen ordezkariei. Gutxienez zortzi lagun hil dira gaur istiluetan.

Protestari bat sua egiten Mandalay hirian, joan den astean. EFE
2021eko apirilaren 7a
14:28
Entzun

Myanmarko armadak estatu kolpea jo zuenetik egin dituen giza eskubideen urraketen frogak NBE Nazio Batuen Erakundeko ikerlarien esku utziko ditu CRPH Batasunaren Biltzarrerako Ordezkarien Batzordeak, bere burua herrialdeko «gobernu legitimotzat» duenak eta, batik bat, armadak agintetik kendutako parlamentariek osatuak. Zehazki, 180.000 kasuren frogak emango dizkiete NBEk herrialdean dituen ordezkariei, «militarrek egindako ankerkeriak» ikertzeko, Dr Sasa CRPHk NBErako hautatua duen ordezkariak adierazi duenez.

540 hilketa daude jasotako kasuen artean; horietako hamar, presoenak. Legez kanpoko atxiloketak eta torturak ere salatu dituzte. Kazetarien, komunikazio enpresetako langileen eta argazkilarien aurkako jazarpen kasuak ere erregistratu dituzte, eta baita Internet zerbitzuari egindako etenak ere.

Myanmarko auzia nazioartekotzen saiatzen ari da CRPH, eta Mendebaldeko herrialdeei eta gainerakoei dei egina die junta militarraren aurkako neurriak har ditzaten. Horietako batzuek zigorrak ezarri dizkiete agintean dauden zenbait funtzionariori, baina beste batzuk hori egitearen aurka mintzatu dira, horrek gatazka larriagotu dezakeela argudiatuta: Txina eta Errusia, kasurako. NBEren Segurtasun Kontseiluak ere ez die militarrei zigorrik jarri oraingoz, eta giza eskubideen urraketak salatu besterik ez du egin. Harago joatea nahi du CRPHk, ordea, eta, halaber, zeresan handiagoa izan nahi du nazioarteko erakundean.

NBEk 2018an abian jarri zuen Myanmarrerako espresuki eratutako ikerketa talde bat, herrialde horretan 2011tik izandako giza eskubideen urraketak ikertzera bideratua. Estatu kolpearen aurretik, batez ere rohingya etniako herritarrek jasandako jazarpen kasuak aztertzen zituen. Bada, gaurko bilkuran kontseilu horretako kideekin elkartu dira CRPHren ordezkari moduan jarduten duten abokatuak. Kooperaziorako eta elkarrizketarako bideak zehaztea izan da bilkuraren xedeetako bat, estatu kolpearen ondotik izandako abusuen berri emateaz gain. Agindutik kendutako diputatuen asmoa da giza eskubideen alde jarduten duten erakundeekin elkarrizketa gehiago izatea aurrerantzean, eta, Dr Sasak izenpetutako ohar baten bidez, batzordeak jakinarazi du kontaktu bira bat egingo dutela horretarako.

Diputatu kargugabetuak gatazkan esku hartzeko deia luzatzen ari zaizkio nazioarteari, eta hori da egoera aldarazteko CRPHren itxaropen iturri behinena. Izan ere, agintean sendo jarraitzen du junta militarrak, eta luzaroan hala segitzeko asmoa dutela azaldu du Zaw Min Tun generalak, Al Jazeera hedabideko kazetari bati emandako elkarrizketa batean. Egungo larrialdi egoera bi urtez luzatzeko aukeraz mintzatu da: «Hemendik urtebetera herrialdea egonkortzen saiatzen ariko gara, baina, lortzen ez badugu, lan hori sei hilabetez luzatu beharko dugu. Eta, ondoren, beste sei hilabetez». Azaldu du bitarte horretan konstituzio berria idazteko asmoa dutela, eta, behin bi urteko epea igarota, «nazioarteko aktoreak» gonbidatuko dituztela, «hauteskundeak libreak eta bidezkoak direla kontrolatzera».

Ez du zehaztu balizko boz horietan Aung San Suu Kyi Estatu kontseilari ohiak eta haren alderdi NLDk parte hartzerik izango luketen, baina nabarmendu du auzipetuta dagoela, hiru kargugatik. «Iraganean egin zuenaren araberakoa izango da. Ikusten badugu gauza txarrak egin zituela, zigorra jasoko du», adierazi du.

Gaur, zortzi hildako

Protestek ez dute etenik bitartean, eta egun odoltsua izan da gaurkoa ere. Segurtasun indarrek manifestariei tiro egin diete Sagaing probintziako Kalay herrian, Myanmar Now berri atariaren arabera, eta gutxienez zortzi lagun hil dituzte. Berri agentzia horren arabera, iragan martxoaren 28an ere saiatu zen armada herri hori bereganatzen, baina ez zuten lortu, herritarrek aurre egin baitzioten. Gaur zendutakoak kontuan hartuta, 581 lagun hil dituzte junta militarraren aldeko segurtasun indarrek, AAPP Preso Poilitikoen Babeserako Elkartearen zenbaketen arabera.

Mandalay hirian ere izan dira protestak, baina beste molde batekoak. Desobedientzia zibilaren aldeko mugimenduaren deiari jarraikiz, administrazioaren ohiko funtzionamendua oztopatzen saiatu dira protestariak. Min Aung Hlaing junta militarreko buruak Myanmarko ekonomia «suntsitzen» saiatu izana egotzi die. Armadako jeneralaren arabera, protestariek ospitaleetako, eskoletako eta lantegietako funtzionamendua «eten» dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.