Estatu indarkeria

Estrasburgok ontzat jo du Espainiak estatuaren bi biktimari kalte ordaina ukatzea

Josu Muguruzaren eta Xabier Perez de Arenazaren alabei eta alargunei ordaina ematea baztertu zuen Madrilek, biek ETArekin lotura zutela argudiatuta.

Ane Muguruza, atzean Josu Muguruzaren argazkia duela, 2018ko azaroaren 20an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2021eko apirilaren 8a
13:15
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo du, beste behin, estatu indarkeriaren biktima batzuen senideei kalte ordainak ukatzea. Kasu honetan, bi ebazpen eman ditu; batetik, Ane Muguruzari eta Elena Bartolomeri —Josu Muguruza Herri Batasuneko diputatuaren alabari eta bikotekideari— ukatu diete kalte ordain «gehigarri» bat pagatzea, eta gauza bera egin du Isabel Iturberekin eta Alaitz Perez de Arenazarekin; hots, Xabier Perez de Arenazaren alargunarekin eta alabarekin.

Espainiako Gobernuak ezarririko irizpidea da ETArekin lotura izan zezaketen indarkeriaren biktimei ordainak ez pagatzea, eta hori bosgarrenez onetsi du Estrasburgok. Biktimen senideek argudiatu izan dute Espainiako Estatuak errugabetasun presuntzioa urratu izan duela kalte ordainak ukatuta, ETAko kidetza auzitegietan frogatuta ez zutenen kasuan, baina, aurrekoetan bezala, Estrasburgok ebatzi du printzipio hori, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 6.2. artikuluan jasotakoa, ez dela urratu.

1999ko Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legean oinarrituta, Muguruzaren senideek 138.232,78 euroren kalte ordaina jaso zuten. 2012an, berriz, kalte ordain gehigarri bat eskatu zuten, Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako eta Babeserako 29/2011 Legean oinarrituta. Espainiako Barne Ministerioak baztertu egin zuen eskaria, argudiatuta Muguruza HBko diputatua eta ETAko kidea izana zela. Muguruza 1989ko azaroaren 20an hil zuten tiroz, Madrilen, diputatu akta jaso zuen egunean.

Perez de Arenaza, berriz, GALek hil zuen Miarritzen (Lapurdi), 1984an. Senideek 69.116,21 euroren ordaina eskatu zuten 2000. urtean, eta gehigarri bat ondoren, baina bigarren hori baztertu egin zuen Espainiako Barne Ministerioak, Perez de Arenazak ETArekin «lotura» zuelakoan.

Duela hilabete eskas, Estrasburgok beste erabaki bat hartu zuen norabide berean. Orduan, ontzat jo zuen Espainiako Estatuak kalte ordaina ukatzea Jesus Mari Ijurko HBko kidea zenaren alargunari eta alabei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.